Anestesista espezialitaterako lan eskaintza publikoan azterketen filtrazioengatik “onurak” jaso zituztela, susmoa du sindikatuak. Datozen egunetan 24 lagunek epaitegietan beren lekukotza emango dute Osakidetzako 2016-2017ko lan eskaintza publikoan jazotako iruzur kasuaren harira.
Iragan asterartean abiatu zen Osakidetzako 2016-2017ko LEP lan eskaintza publikoetako iruzurraren auziaren beste zati bat. Fase berri horretan, 24 lekukok dute hitzordua epailearen aurrean, LAB sindikatuak eskatuta. Oposaketetan parte hartzeko izena eman zuten hainbat lagun eta azterketaren antolatzakuntza jardueretan aritu ziren zenbait pertsona galdekatuko dituzte. Oraingoz ez da baztertzen lekukoren batzuek akusatuen eserlekuan amaitzea.
Une hartan Osakidetzako zuzendaritzan zeuden kideak inputatzeko eskatu dio LABek epaileari, hala nola, Jon Darpon, 2012 eta 2019 artean Jaurlaritzako Osasun sailburua izandakoa eta Maria Jesus Mugika Osakidetzako zuzendari nagusi ohia. Asteazkenean ESK sindikatuak eskaera berri bat egin zuen: anestesista espezialitateko LEPean parte hartu zuten hiru mediku ere iker ditzatela, filtrazioen onuradunak izan ote ziren ebaztea helburu.
Sindikatuak lekukoen testigantzak izan ditu oinarri: “Deklarazioen ostean, ESK-ek berresten du bere ikuspegia: onuradunak izan zirela filtrazioengatik, nahiz eta ukatu duten azterketa lehenago jaso izana”. Sindikatuaren iritziz, kontuan hartu behar litzateke azterketagile horiek jaso zuten nota, eta epaile aurrean aurkeztutako notario akta aztertzeko eskatu du, bertan azaltzen baita ikasle horien izena: “Gure ustez, klientelismo sare horren onuradunak izan dira, eta haien ekintzen bitartez sare hori iraunarazi dute”.
Irailaren lehenean LABeko ordezkariek Gasteizko epaitegietara jo zuten, eta bertan azterketan izen ematen duten medikuen egoeraren berri eman zuten: “Osakidetzako langileen artean, behin-behinekotasunik handiena medikuen artean dago. Lehiaketa egitera doazenak badakite giltza zerbitzuburuak duela, eta, beraz, haiei men egin besterik ez dute askotan”. Horrenbestez, medikuak kaltetu nagusiak direla ondorioztatu du LABek.
Ostegun honetan jarraituko du lekukoen testigantzak epaile aurrean. Astelehenera bitartean, orotara, hamasei izango dira hitza hartuko dutenak.