argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Sagartoki jatetxeko sukaldari bat COVID-19az kutsatuta hil dela salatu du ESK-k
  • Lantoki guztietan kutsatze-arriskuak saihestu eta gutxitzeko “prebentzio-neurri guztiak hartzea" eta “enpresen erantzukizuna” eskatu ditu ESK sindikatuak. Ohartarazi duenez, prebentzio-neurriak eta abusuak kontrolatzeko ardura administrazioei dagokie.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 26a
Sagartoki jatetxea. Argazkia: Gasteiz Hoy

Gasteizko Sagartoki jatetxeko sukaldari baten heriotzaren berri eman zen iragan astean. Jatetxe horretan, abuztuaren 8tik 10era, COVID-19aren infekzio komunitarioko foku bat atzeman zuten. Kutsatze horren ondorioz, bertako sukaldarietako bat hil egin zen joan den ostegunean, gaixotasunak jota. ESK sindikatuak gertakaria salatu du, eta elkartasuna adierazi die hildakoaren hurbilekoei, baita ospitalean jarraitzen duten gainerako pertsonei ere.

Sektorean gertatzen ari denari buruzko hausnarketa batzuk helarazi ditu sindikatuak. “Pandemiaren ondorioak ostalaritza bezalako sektore prekarizatu batean oso garrantzitsuak” izaten ari direla azpimarratu dute.

Ostalaritzako arazoak

Lantokietako infekzioen aurrean, ostalaritzako langileak edo bezeroak “ezin dira arduratu prebentzio-neurriek bikainak izateaz”. Gainera, Sagartoki jatetxearen kasuak erakusten duenez, neurri prebentibo horiek “ez dira nahikoak”.

ESK “kezkatuta” azaldu da ostalaritzako lantoki askotan langile gehiago kontratatu gabe lan gehiago egiten dela ikusita. Izatez, pertsona berberek egiten dituzte ohiko zeregina eta COVID-19aren infekzioaren aurkako prebentzio neurrien aplikazioak, behar adina langilerekin indartu gabe. “Estresa handia da eta hainbeste presio ez da onargarria”, kexu da sindikatua.

Prekarietatea

“Sektoreko langileen prekarietatea” salatu du ESK-k, COVID-19ren pandemia baino lehenagoko ere problema hor zegoela nabarmenduz. Administrazioek oraindik ez diote heldu sektoreko zati handi batean normalizatu den kontratazio irregularraren arazoari. Konfinamenduan zehar, adibidez, modu irregularrean ari ziren langile askok ia diru-sarrera guztiak galdu dituzte.

Bestalde, sektorean “arau kontraesankorrak” daudela ere ohartarazi du ESK-k. “Aisialdia kriminalizatu” egin den bitartean, sektore osoak arrisku komunitarioa eragiten ez duela azaldu du sindikatuak: “Lantegi handiak baino arrisku gehiago al dago ostalaritzan? Kontua ez da ordutegiak mugatzea, ostalaritzan eta gainerako sektoreetan berragerpenak saihesteko beharrezkoak diren prebentzio-neurri guztiak hartzen direla kontrolatzeko eta ikuskatzea baizik”.

Praktika iruzurtiak

Iruzurrezko praktikak zuzentzetik urrun, enpresaburu askok halako joera irregularretan “sakondu” egin dutela salatu du sindikatuak, “langile askoren premia ekonomiko handiko egoerak aprobetxatuz”.

Horren aurrean, langileei dei egin diete beharrezko prebentzio-neurriak hartzen ez diren tokiak salatu ditzaten, baita “osasunerako eta bizitzarako duen eskubidea” defendatzera ere.