argia.eus
INPRIMATU
ESK-Argilanek “pobrezia amaitzeko frontea” osatzera deitu ditu gizarte eragileak
  • Diru Sarrerak Bermatzeko Legearen helburua pobrezia amaitzea behar lukeela dio bazterkeriaren aurkako plataformak eta salatu du Artolazabal sailburuak proposatutako neurriak "arpa-jotzea" direla, beste helburu batzuei erantzuten dietela. Gizarte eragileei dei egin die diagnostiko partekatua egiteko eta "Jaurlaritzak proposatzen dituen murrizketen aurka egiteko".

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2017ko ekainaren 02a

2016an Eusko Jaurlaritzak egindako inkestaren arabera, EAEn Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen dutenen artean 63.000 herritarrek pobre izaten jarraitzen dute eta beste 60.000 herritar pobreak dira eta DSBEtik kanpo daude. ESK sindikatuko Argilan bazterkeriaren aurkako plataformak nabarmendu du "lege honen helburuak izan behar luke pobrea den herritarrik ez geratzea DSBE jaso gabe, eta DSBE jasotzen duen inork ez dezala jarraitu pobre izaten".

Maiatzaren 31n Beatriz Artolazabal Gizarte Politika eta Enpleguaren sailburuak aurkeztutako proposamenak ez doazela norabide horretan baloratu du Argilan-ESK-k: "Ikusi da Eusko Jaurlaritzak ez duela intentziorik pobreziaren aurkako borrokan gastua handitzeko, eta zehaztu duen helburua baliabideak murriztea dela".

Argilan-ESK-k "pobrezia amaitzeko frontea" sortzeko deia egin die gizarte eragileei

Pobrezian dauden pertsonen errealitatea ezagutzen dutela nabarmendu du bazterkeriaren aurkako plataformak prentsara bidali duten balorazioan, eta beren helburua garbi dutela: "Lege erreforma prozesu honetan gure helburua da lortzea pobreziaren aurka benetan egingo duen lege bat, eta murrizketak geldiaraztea, honek EAEn pobrezia nabarmen haztea ekarriko bailuke". EAJ eta PSEri dei zuzena egin die: "Prest al zaudete EAEn pobrezia igotzearen erantzule izateko? Hau al da PSEk Eusko Jaurlaritzari ekartzen dion ezkerreranzko bidea? PPk belarriekin txalotzen du EAJren eskuineranzko biraketa antisozial hau".

Baina gizarteari zuzendu dio dei nagusia, "kalean defendatu dezagun gure eskubidea. Osasuna, hezkuntza edo pentsioak bezala, DSBE herritar guztion eskubidea da, gutxieneko diru-sarrerak izateko eskubidea da, duin bizitzea bermatzen diguna, eta bakoitzak behar dugun garaian erabili ahalko duguna, lehenago erauzi ez badute". Iragarri dute egoeraren diagnostiko partekatua egiteari ekingo diotela gizarte eragile guztiekin, pobreziaren aurkako sare eta sindikatuekin, "pobrezia bukatuko duen legearen alde egiteko frontea sortzeko eta Eusko Jaurlaritzak proposatzen dituen murrizketen aurka egiteko".

"Artolazabalen proposamenek lau helbururi erantzuten diete"

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak maiatzaren 31n Eusko Legebiltzarrean DSBE legerako 15 egokitzapen eta bost aldaketa proposatu zituen. Argilan-ESK-k proposamen hauek "arpajotzea" direla adierazi du, "aukera galdu dela pobrezia amaitzeko lege baterako oinarria aurkeztekoa eta lehen baino indar handiagoa jarri duela gastua murrizten eta DSBE jasotzen duten pertsonak kontrolatzen". Artolazabalek aurkeztu zituen proposamenek helburu hauei erantzuten dietela adierazi du Argilan-ESK-k:

- EAEko pobrezia amaitzeko Eusko Jaurlaritza gastatzeko prest dagoen diruari muga zeharka-ezina jartzea.

- Kontrolaezina bihurtzen ari den sistema kontrolatzeko erraztasunak jartzea. Argilan-ESKren hitzetan: "Bi helburu hauei erantzuten die proposamen izarrak: etxe berean bizi diren denak bizikidetza unitate bakarra izendatzea, nahiz eta euren harremanen arabera unitate berekoak ez izan, eta etxe bera partekatzera pobreziak behartzen dituen".  Kontrolaren adibide dela dio adin txikikoak bere kargu dituen unitateak bi urte EAEn erroldatuta egoteaz gain beste hainbat modutara ziurtatu beharko duela bertan bizi izana, esaterako, gizarte laguntzailearen bidez, argi-ur-gas fakturekin... Egun hiru urtez EAEn erroldatuta egotea eskatzen da eta Artolazabalek proposatu du bi urtera murriztea adin txikikoak diren kasuan, baina Argilan-ESK-k seinalatu du lehenago urte bakarra eskatzen zela.

- Pobreei "soldata-simaurrekin" irteera ematea. Lanerako osagarriak diren laguntzak gehienez hiru urtez jaso daitezke egun eta Artolazabalek proposatu du mugagabeak izatea. Baina Argilan-ESK-k seinalatu du lan osagarri gisa jasoko den laguntza gehienez 400 eurora mugatzea proposatu duela Artolazabalek, eta orain arte, bere soldata 300 eurotik beherakoa zutenek bere bizikidetza unitateari zegokion DSBE osorik kobratzen zutela. Argilan-ESK-k gaineratu du Artolazabalek proposatu duela diru laguntza osagarriak kalkulatzeko formula aldatzea, eta horrek ekarriko duela kasu guztietan zenbatekoak murritzagoak izatea.

- "DSBE enplegugarritasunarekin lotzeko matrakarekin jarraitzea" dela beste helburua adierazi du Argilan-ESK-k: "Estrategia horrek ez du lagundu ia inor enplegutu dadin, baina bai, aldiz, jende pila bat sistematik kanporatzeko". Artolazabalek proposatutako neurriek badutela "berritasun" bat adierazi du Argilan-ESK-k: "Diruz lagunduko dituela enpresak eta hirugarren sektoreko erakundeak, DSBE jasotzen duten herritarrak kontratatu ditzaten. DSBE jasotzen dutenen aldeko diskriminazio positibo hau gaizki hartuko dute lanik eta DSBErik gabeko milaka herritarrek eta betiko pobreen arteko gerra sustatuko du, DSBE prestigio-gabetzeko elementuak gehituz".