Maiatzaren 2tik greba mugagabean daude 0-3 Plataformako langileak, eta astelehen goizean Iruñeko Hezkuntza Departamentuko sarrera okupatu dute. Foruzaingoak identifikatu egin ditu eta banan-banan bertatik aterarazi.
Ikasgeletako ratioak txikitzea eta soldatak igotzea eskatzen dute Nafarroako 0-3 Plataformako langileek, besteak beste. Horregatik, greba mugagabean daude maiatzaren 2az geroztik. Eserialdi zaratatsua egin dute maiatzaren 30ean, Iruñeko Santo Domingo kaleko Hezkuntza Departamentuan. Sarrera okupatu dute, eta aldarrikapen oihuak egin, Naizek jaso duenez: “Gimeno [Hezkuntza kontseilaria], negoziatu ala dimititu”, “Postureo gutxiago eta negoziazio gehiago”. Foruzaingoa bertaratu eta banan-banan atera ditu handik, baita protestan zeudenak identifikatu ere.
Maiatzaren 25ean bilera egin zuten 0-3 Plataformako ordezkariek, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziokoek eta Hezkuntza Departamentukoek. Soldata igoera soilik proposatu zieten langileei, baina baztertu egin zuten: “Ez dago bermerik gaur egin diguten proposamena finantzatu ahal izateko”, argudiatu zuen Eider Garde Plataformako kideak, Ahotsa.infok argitaratu duenez. Halaber, ez zituzten eskaini grebalariek exijitzen dituzten beste eskaerak. Kalitatezko haur eskolak eta zerbitzu duina eskatzen dute. Greba mugagabean segituko dute langileek.