Nafarroako euskara hutseko irratiak 25 urte bete ditu eta Dialeko azkenak dokumentalean bildu dute bere ibilbidea. Maiatzaren 3an Larraintzarren estreinatuko dute, eta hurrengo asteetan Aizarotzen eta Erason egongo da ikusteko aukera.
Elkarrizketak ditu oinarri Dialeko azkenak dokumentalak: euskara hutseko irratia bultzatu zuten herritarrei, irratiko lehenengo esatariei, ondoren pasa zirenei, orduko euskara teknikariari, entzuleei eta kolaboratzaileei egin dizkiete dozena bat elkarrizketa baino gehiago.
Esan Erran irratiko kideek adierazi dutenez, dokumentalak kontagai ditu "izan zituzten oztopoak, garaiko euskarafobiari lotutakoak. Baina ilusioak, auzolanak eta komunitateak proiektua aurrera eramateko izan zuen indarra ere jaso dugu. Baita euskarazko irratiak landa eremuko eskualde honi egin dion ekarpena ere". Baina, 25 urte eta gero, zer? Horixe da entzuleei luzatu dieten galdera.
Herritar talde batek auzolanean euskara hutsean emitituko zuen irrati txikia martxan jarri eta hala sortu zen Esan Erran, 1998an. Zazpi udalerrik osatzen dute Esan Erranen eskualdea: Imotz, Basaburua, Ultzama, Atetz, Odieta, Anue eta Lantz. Euskararen egoera eskualdean zehar desberdina den arren, Esan Erran bailarako hizkuntza paisaia euskalduntzeko lanean ari da urteetan.
2012an, Nafarroako Gobernuak dirulaguntzak moztu zizkion, irratiko langile bakarra langabeziara joan zen eta irratia isiltzeko saiakeratzat hartu zuten. Horren ondoren, gazte talde batek asteroko saioak egiten mantendu zuen emisioa. 2013. urtean, laguntza ekonomikorik gabe baina ilusioz, emisio probak berriro abiatu eta urte bukaerarako 24 orduz eta asteko zazpi egunetan emititzen hasiak ziren.
Gai horiez denez eta ibilbideaz hausnartzeko eta hitz egiteko aukera egongo da maiatzean zehar antolatu dituzten dokumental emanaldietan:
Estreinaldia maiatzaren 3an izango da, Larraintzarko Bentan, 19:00etan.
Basaburuko Aizarotzen maiatzaren 17an egongo da dokumentala ikusteko aukera, 19:00etan Luzia Goñi Kultur Etxean.
Imotzen, Erason, maiatzaren 26an emango dute: Zaparen etxolan, 18:30ean.