Esan erran irratiaren 25 urteko ibilbidea jasotzen duen dokumentala gaur estreinatuko dute Larraintzarren

  • Nafarroako euskara hutseko irratiak 25 urte bete ditu eta Dialeko azkenak dokumentalean bildu dute bere ibilbidea. Maiatzaren 3an Larraintzarren estreinatuko dute, eta hurrengo asteetan Aizarotzen eta Erason egongo da ikusteko aukera.


2024ko maiatzaren 03an - 12:09

Elkarrizketak ditu oinarri Dialeko azkenak dokumentalak: euskara hutseko irratia bultzatu zuten herritarrei, irratiko lehenengo esatariei, ondoren pasa zirenei, orduko euskara teknikariari, entzuleei eta kolaboratzaileei egin dizkiete dozena bat elkarrizketa baino gehiago.

Esan Erran irratiko kideek adierazi dutenez, dokumentalak kontagai ditu "izan zituzten oztopoak, garaiko euskarafobiari lotutakoak. Baina ilusioak, auzolanak eta komunitateak proiektua aurrera eramateko izan zuen indarra ere jaso dugu. Baita euskarazko irratiak landa eremuko eskualde honi egin dion ekarpena ere". Baina, 25 urte eta gero, zer? Horixe da entzuleei luzatu dieten galdera.

Esan Erran

Herritar talde batek auzolanean euskara hutsean emitituko zuen irrati txikia martxan jarri eta hala sortu zen Esan Erran, 1998an. Zazpi udalerrik osatzen dute Esan Erranen eskualdea: Imotz, Basaburua, Ultzama, Atetz, Odieta, Anue eta Lantz. Euskararen egoera eskualdean zehar desberdina den arren, Esan Erran bailarako hizkuntza paisaia euskalduntzeko lanean ari da urteetan.

2012an, Nafarroako Gobernuak dirulaguntzak moztu zizkion, irratiko langile bakarra langabeziara joan zen eta irratia isiltzeko saiakeratzat hartu zuten. Horren ondoren, gazte talde batek asteroko saioak egiten mantendu zuen emisioa. 2013. urtean, laguntza ekonomikorik gabe baina ilusioz, emisio probak berriro abiatu eta urte bukaerarako 24 orduz eta asteko zazpi egunetan emititzen hasiak ziren.

Dokumentalaren emanaldiak

Gai horiez denez eta ibilbideaz hausnartzeko eta hitz egiteko aukera egongo da maiatzean zehar antolatu dituzten dokumental emanaldietan:

Estreinaldia maiatzaren 3an izango da, Larraintzarko Bentan, 19:00etan.

Basaburuko Aizarotzen maiatzaren 17an egongo da dokumentala ikusteko aukera, 19:00etan Luzia Goñi Kultur Etxean.

Imotzen, Erason, maiatzaren 26an emango dute: Zaparen etxolan, 18:30ean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irrati libreak
2024-04-02 | ARGIA
Arrosa sareak Basaburuan egingo ditu aurtengo topaketak, Esan Erran irratiaren eskutik

Arrosa Irrati Sareak Nafarroan ospatuko du lehen aldiz komunikazio librearen aldeko eguna. Mende laurdena bete berri duen Esan Erran irrati txikian dute hitzordua, apirilaren 13an, Basaburuan. "Guretzat elkartzeko egun bat da, elkar gehiago ezagutu eta elkarlanaz... [+]


2023-11-20 | ARGIA
Hala Bediren web orria martxan da berriz ere

Ikasturtearen hasieran zibereraso bat jasan eta hainbat astez webgunea berreskuratzeko lanetan jardun ondoren, bueltan da Hala Bedi irratiaren web orria. Dagoeneko hasi dira ohiko edukia argitaratzen: Arabako aktualitate albisteak, magazinen edukiak, irratsaioen podcastak,... [+]


2023-08-17 | Hala Bedi
Hala Bedi Irratiak 40 urte bete ditu

Hala Bedi Irratiak 40 urte bete dituela ospatu zuen abuztuaren 6an, lau hamarkada lehenago lehen irrati emisioa egin zuen egun berean.


Eguneraketa berriak daude