argia.eus
INPRIMATU
Esaldi baten geruza guztiak
  • Artikoan zehar bidaiatzen dabiltzan izotz-hausleak dira esaldiak. Batzuek krosko fina daukate, kolperik suabeenak ere zulatuko ditu. Badira geruza sendo asko dituztenak. Horiek kostaldeko arroken kontra talka egin dezakete eta tinko goiari eutsi.

Endika Biota PiƱeiro @BiotaEndika 2020ko urtarrilaren 28a

Esaldi, bertso, paragrafo, abesti, liburu batzuk irakurketa anitz dauzkate. Brankaren kontra icebergak apurtzeko gaitasuna. Zentzu askotako mezuak gordetzen dituzte hitzetan harrapaturik.

Hartu dezagun hurrengoko hau:

“Zabal begiak, mapa berriak tolestuta datoz. Ez da biderik, norberak ireki behar dituelako”  (Urbizu, G.; 2014).

Lehenengo geruza: esanahia. Hitzak sintaktikoki ondo kokatuta daude eta subjektuaren eta predikatuaren arteko harremanak mezu argi bat transmititzen du. Igorleak hartzaileari bi gauza esan nahi dizkio: bata, begiak ireki ditzala, mapa berriak tolestuta baitatoz, eta bia, biderik ez dagoela, norbera delako ireki behar dituena.

Bigarren geruza: mezua beste gai batera estrapolatu ahal izatea. Gaur egungo politika giroari adibidez. Begiak zabaltzea adi egotearen metafora izan daiteke eta mapa berriak alderdi-politiko berrien hazkundea. Demokrazia goitik behera berrituko dutela esaten dutenekin kontuz ibiltzea komeni da, tolesturetan gezurra egon daitekeelako. Geroago azpimarratuko da benetako aldaketa politikoa norberaren buruan hasten dela, mapan horietan marraztutako bideak norabide aizunak baitira. Hortaz, iraultza zugan hasi behar. Zerbait aldatu nahi baduzu, zuk zeuk aldatu.

Hirugarren geruza: gai unibertsalak jorratzeko gaitasuna. Mina, poztasuna edo denboraren iheskortasuna, adibidez. Demagun, beldurra. Imajina dezagun segurtasun falta patologikoa daukan pertsona batek esaldia irakurtzen duela, etorkizunari, seme-alabak izateari, orokorrean, bizitzari beldurra dion batek. Erantzuna bere auto-estimuaren sendotasunean dagoela dio Urbizuk. Putzutik ateratzeko gaitasunak (mapa berriak) ezkutatuta (tolestuta) daude eta begiak irekitzen soilik antzemango ditu. Bestalde, inork ezingo duela salbatu, besteon animoak edo laudorioak berehala desegiten direla. Beldurra ekiditeko kamino propioak urratu behar dituela alegia.

Laugarrena: sintaxia. Hitzen hurrenkera eta perpausen eraketa gauzatzen duten arauekin azpijokoak egin zentzu berriak sortzeko. Segun eta nola irakurtzen dituzun hitzak, zure buruan komak eta puntuak nola kokatzen diren, honelako edo bestelako esanahiak azaleratuko dira. Autorearen esaldian bai mapak bai bideak dira ireki ahal direnak:

Hogei urteko gazteak, baliteke gorrotatzen duen gizarte zikinaren aurrean begiak irekitzeko aholkua jasotzea. Itxita omen dauden mapak berri horiek  aurkitu ahal izateko. Aurreiritziak eta ideia finkoak baztertu eta bide berriak zabaldu

“Zabal begiak. Mapa berriak tolestuta datoz, ez da biderik, norberak ireki behar dituelako”.

Puntuazio markak beste era batera jarrita mapak dira irekitzen direnak eta ez bideak. Orain arte bideei eman zaie irekitzeko akzioa. Ezberdintasun zorrotza bada ere esanahia aldatu egiten da.

Bosgarrenak adinarekin dauka lotura, hau da, esaldiak Printze txikia liburua bezalaxe, depende zein urterekin irakurtzen dituzun sentsazio desberdinak piztuko dizkizu. Hamabi urteko umetxoarentzat mezua liteke besteak ez epaitzea, norbaiti lehenengo momentuan itxura ona hartzen ez badiozu ere bere nortasuna dela garrantzitsuena. Eta bost axola besteek diotena.

Hogei urteko gazteak, baliteke gorrotatzen duen gizarte zikinaren aurrean begiak irekitzeko aholkua jasotzea. Itxita omen dauden mapak berri horiek (bera bezala pentsatzen dutenak) aurkitu ahal izateko. Aurreiritziak eta ideia finkoak baztertu eta bide berriak zabaldu.

Hirurogei urteko amamak bere iloba ulertzen ez duenean zera gogoratuko du: nerabeak tolestuta datozela, haien zimur itsusiak txandal estrafalarioak eta piercing inposibleak direla. Beharrezkoa dela haiek eurek destolestea, batzuetan aholkurik onena aholkurik ez ematea delako. Hainbeste maite duen iloba-nerabe horrek bere bidea egin dezan. Bitartean, begiak irekiko ditu, izur horien azpian pertsona maitea dago eta.

Azkena, itsasontziaren erraietan dagoena, nukleo dentso konprimatua: norberaren sekretu ilunenei forma emateko ahalmena. Hitzek ustekabean harrapatzen zaituzte eta norbaitek zure miseriarik barnekoenak oihukatuko balitu bezala sentitzen zara.

Eta bat-batean biluzik zaude. Iceberg baten kontra talka egin eta gero. Artikoaren erdian.