argia.eus
INPRIMATU
Esako urtegiko lanen aurka egin zuten zortzi auziperatuak ez dira kartzelara joango
  • Auzitegiko medikuak atzera bota du haien aurkako salaketa, informazio faltagatik, ezin baitu frogatu 2012ko protestetan poliziari eragindako lesioen erantzuleak direla.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko ekainaren 02a
Esako urtegiaren lanen aurka egin zuten zortzi auziperatuak epaiketan. (Argazkia: Pablo Ibáñez/AraInfo)

36 urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak Esako urtegiko lanen aurka egin zuten zortzi pertsonentzat pasa den urtean, abenduan, egin zen epaiketan. 2012an urtegiaren handitze lanengatik gertatutako desjabetzeen aurka protestatu zuten Arriel Dominguez, Oscar Ara, Sergio Palacin, Chesus Maria Royo, Miguel Palacín, Jorge Luis, Alex Ubieto eta Javier Lopezek eta desordena publiko, autoritatearen aurkako atentatu eta lesioengatik inputatu zituzten. Horren berri eman zuen ARGIA-k.

Asteazkenean epaitu zituzten zortzi lagunak bigarrengoz. Beraiek ez ezik 18 guardia zibilek, auzitegiko medikuak eta defentsaren perituak deklaratu dute. Azken biek esandakoak aldatu du epaiketaren noranzkoa. Izan ere, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak aurkeztutako 11 lesio parteetatik 8 baztertu dituzte, informazio faltagatik. Haien esanetan ez dago froga nahikorik akusatuek kalte horiek sortu zituztela baieztatzeko.

Kalte-ordainak eta kartzela eskaerak bi urtera murriztuta, beste isun batzuei egin beharko diete aurre Esako zortziek.