argia.eus
INPRIMATU
Esako urtegiko eskuin hegala ez da oraindik egonkorra, txosten ofizialak aztertuta ondorioztatu dutenez
  • Uraren Kultura Berria Fundazioak (FNCA gaztelaniazko sigletan) Esako urtegiari buruzko azken txosten ofizialak aztertu ditu eta ondorioztatu du urtegiaren eskuineko hegalak "ezegonkorra" izaten jarraitzen duela eta, beraz, "segurtasuna ez dagoela bermatuta".

ARGIA @argia 2020ko urriaren 07a
Esako urtegiaren inguruko arrakaletako bat (argazkia: Hoy Aragon).

FNCAren arabera, "Esan eztabaida tekniko eta zientifikoak ia dena esan du: mendi-hegala ez da egonkorra, mugitu egiten da, eta 2013tik ez du inoiz lortu egonkortzat jo daitekeen egoerarik"; hori dela eta, "Esako eskuineko hegalaren egonkortasuna lortu beharreko egoera da, promesa bat".

Fundazioak ohartarazi du milaka pertsonaren bizitza auziari buruz hartzen den jarreraren menpe dagoela: hazkuntzaren ondorengo betetzea egungo egonkortasunik gabeko egoeran burutu daitekeela esaten bada, mendi-hegala betiko hautsita geratuko da eta hondatzea azaletik eta sakonean aurreratzen joango da.

FNCAren txostenaren arabera, "Esako eskuineko hegalean hainbat lerradura gertatzen ari dira aldi berean", eta bi handienak 117 eta 60 metroko sakoneran daude. Halaber, Segurtasun Faktore Absolutuaren ezegonkortasun-balioak 2013an maila minimoetara erori zirela dio, estribua hartzeko indusketen eta egonkortze-lanen ondorioz; eta horregatik Esan orain lerratzea berraktibatu egin da, txostenak dioenez.

Horrek esan nahi du, FNCAk zehaztu duenez, mendi-hegalak "erortzeko probabilitate bera" duela; eta gaineratu du "deigarria" dela "aurrekontuaren igoerak ez duela Segurtasun Faktore Absolutua hobetu". Nabarmentzekoa da, halaber, "lerratutako bolumena hain handia izanik, azaleko edozein jarduerak eragin txikia izango duela baldintzen hobekuntzan edo okerragotzean, asko jota %20 hobetuko (edo okertuko) baitira".

Horregatik, Fundazioak zehaztu duenez, ezin dira segurtasun faktorearen balio onak lortu, eta hori lortzea ezinbestekoa litzateke etorkizunean segurtasuna bermatzeko.