argia.eus
INPRIMATU
Esako urtegiari buruz Espainiako Gobernuak enkargatutako txostena galdu dela salatu dute
  • Espainiako Bide Ubide eta Kaietako ingeniarien Kolegioari egin zion enkargua Espainiako Gobernuko Trantsizio Ministerioak, ikusteko urtegiaren bideragarritasunaz erakundeak zer zioen.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko ekainaren 22a
Argazkia: Sustrai Erakuntza

Ikerketak jadanik publikoa behar zuen aspaldi, baina Aragoiko Rio Aragón eta Esa, eta Nafarroako Sustrai Erakuntza eta Urbizi elkarteek txostenaz inork ez dakiela ezer salatu dute. 2019an Nafarroako Gobernuak argitara eman zuen Geoconsult enpresari enkargatu zion lana, eta hark zalantzan jarri zuen urtegiaren inguruko lurren egonkortasuna.

Edozein motuan, ordura arteko beste hainbat ikerketa legez, Geoconsultekoa ere nahiko anbiguoa zela aipatu zuten hainbat adituk. Hain zuzen ere, hori saihesteko egin zion enkargua Trantsiszo Ministerioak Ingeniarien Kolegioari 2018an, bi urteko epean bukatzeko aginduarekin. Aldeek hala adostuta, lanaren entrega 2021era arte atzeratu zen.

Ikusirik ez zegoela lanaren berririk, 2020ko otsailean Compromiseko diputatu Carles Muletek galdegin zion Trantsizio Ministerioari ea non zegoen azterketa, eta hark erantzun zion jadanik emana ziela Nafarroako Gobernuari eta CHE Ebroko Konfederazio Hidrografikoari. Baina lana ez zen ageri eta iragan apirilean, EH Bilduko parlamentari Adolfo Araizek txostenaz galdetu zion foru gobernuari, eta Javier Ramirez gobernuko bozeramaileak ihardetsi zion Nafarroako Gobernuak ez zuela txostenik jaso. "Edo batek edo besteak gezurra dio", diote egoera salatu duten lau elkarteek. Edozein modutan, ez dirudi horren gaitza txostena berreskuratzea, pentsatzekoa baita ministerioan egongo dela originala eta kasurik txarrenean Ingeniarien Kolegioak izango duela kopiarik.

2001ean adjudikatu ziren Esako urtegia handitzeko lanak, 2005erako bukatzeko aginduarekin. 113 milioi euroko aurrekontua zuen orduan eta egun laukoiztu egin da aurrekontua, aipatu elkarteek salatu dutenez. Orain 2027rako bukatu behar dute urtegiaren handitzea. Urtegiko eskumako hegala da zalantza handienak pizten dituena, baina lanek aurrera jarraitzen dute, jakin gabe oraindik egiten ari dena guztiz segurua den urtegitik behera bizi diren herritarrentzat.