Río Aragón eta Yesa + No elkarteek ohartarazi dute berriro ere pitzadurak agertu direla urtegiaren eskuin hegalean eta dei egin diote Ebroko Konfederazio Hidraulikoari (CHE) “behingoz” Esako urtegiaren handitze “zentzugabea” geldiarazi dezan.
Elkarteek agiri batean salatu dute ez dutela sinesten CHEk esan bezala urtegiaren handitze lanak seguruak direnik: “Lanak seguruak izanez gero ez zituzten 102 etxebizitza desjabetuko eta ez zuten urtegiaren ondoko bidea 20 hilabetez itxiko”.
"Informazioa ezkutatzeari” eta “herritarrei gezurra esateari” uzteko eskatu dute elkarteek.
Bi proposamen ere egin dituzte: alde batetik, ahal den heinean, urtegiaren segurtasunerako eta egonkortzerako lanen arduran “teknikari independenteak” jartzea, udalak eta gobernu autonomikoek babestuta, eta bestetik, urtegia hustea, segurtasun maila onargarri bateraino.