argia.eus
INPRIMATU
Esako urtegiak mugitzen jarraitzen du
  • Ebroko Ur Konfederazioko (CHE) azken txostenen arabera Esako urtegiaren eskuin hegala mugitzen ari da 25 milioi euroko kostua izan duten 8 hilabeteko lan etengabeen ondotik.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 14a
Esako eskuin hegaleko hustuketaren irudia luiziaren ondotik. JAVIER BERGASA (Notias de Navarra)

10 milioi euroko egonkortze lanen lehen fasea amaitu ostean, uztailean bigarren faseari ekin zioten horretarako beste 15 milioi euroko inbertsioa eginez. Urte amaierarako lan horiek amaitzea aurreikusita egon arren, irailean ezegonkortasuna itzuli zen Esako inguruetara.

CHEren neurketa aparailuek Esaren eskuin hegalean “mugimendu arinen areagotzea” gertatzen ari dela erakusten duten zantzuak daudela jasotzen da irailaren 27ko informean. Otsailean haien etxeak uztera behartu zituzten 50 familiek etxetik kanpo jarraitzen dute; eta kezkatuta agertu dira azken mugimenduen berri izan dutenean.

Milioi bat metro kubiko lur deskargatu dira urtegiaren eskuin hegaleko lurra eta bertan sortzen ari ziren pitzadurak egonkortzeko. 25 milioi euro gastatu dira honezkero eta badirudi arazoa ez dela konpondu. 

Geologoek diotenez Esa zartatzen ari da, baina ez masa uniforme baten moduan, heterogeneoki baizik. Ondorioz, urtegiaren zonalde batzuek maila egonkorra lortu duten arren, beste puntu batzuetan pitzadura handitzen joan daiteke, hilabete bakoitzean hainbat milimetro irekitzeraino.