Esako urtegia lehertuko balitz inguruan dauden herriek jasango luketen ondorioak erakusten dituen bideo-simulazioa egin dute. Ura nola zabalduko litzatekeen erakusten du Zaragozako Unibertsitateko irakasle eta geologo Antonio Casasek egindako lanak.
Urtegian gerta daitekeen leherketa arriskua erreala dela defendatzen du Casasek, egin dituen ikerketak oinarri hartuta. Esa handitzearen aurkako borrokagatik ezaguna da irakasle eta geologoa.
Ebroko Ur Konfederazioko (CHE) txostenen arabera Esako urtegiaren eskuin hegala mugitzen ari da. 25 milioi euroko kostua izan duten 8 hilabeteko lan etengabeen ondotik datoz datu hauek. Ondorioz, urtegiaren zonalde batzuek maila egonkorra lortu duten arren, geologo batzuek diote beste puntu batzuetan pitzadura handitzen joan daitekeela, hilabete bakoitzean hainbat milimetro irekitzeraino.
Urtegia handitzearen aurka azaldu dira Nafarroako eta Aragoiko hainbat kolektibo eta herritar. Duela bi urte Esaren handitze lanei buruzko erreportajea plazaratu genuen ARGIAn, Artieda herriko bizilagunen erresistentzia ardatz.
Maiatzaren 31ean, datorren larunbatean, manifestazioa egingo dute Iruñean urtegiaren handitzearen aurka. Yesa+no Lanak gelditu, Rio Aragon eta URA-Nueva Cultura elkarteek antolatu dute eta 17:30ean aterako da autobus estaziotik.