argia.eus
INPRIMATU
Esako urtegia ez handitzea aholkatu du Ingeotyc geologia enpresak
  • Urtegiaren eskuin hegalak desegonkor jarraitzen duela eta, beraz, arrisku maila bat dagoela ondorioztatzen du. Txostena Ingeotyc enpresako Valentin Ibarra eta Tomas Morales geologoek egin dute Zangozako Udalaren enkarguz.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko maiatzaren 25a
Argazkia: AraInfo

Lana, berez, 2021ean Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak kaleratutakoaren irakurketa bat da. Lan hura Portu, Ubide eta Bideetako Ingeniarien Elkargoak egin zuen, baina haren konplexutasuna kontuan hartuta, Zangozako Udalak txostena eskatu zion Ingeotyci, orain argitara eman dena.

Txostenaren amaierako gomendioa oso argia da. Gaur egun ere eskuin magalean desplazamenduak daudela dio, egun egiten diren behaketak mugatuak direla, eta magalaren dinamikari buruzko ziurgabetasuna esanguratsua dela; horrek ez du behar adinako segurtasunik bermatzen lurrikarek edo bestelako gertaerek sor ditzaketen egoeren aurrean. Ondorioz, ez da komeni eremu horretan ur maila aldatzea eta, beraz, gomendatzen da Esako urtegia ez betetzea handitze lanek eskatzen duten mailara.

Arazoak 1928tik

Txostena urtegiaren errepaso historikoarekin hasten da eta gogoratzen du 1928an eraikitzen hasi zenetik eman dituela arazoak eskuineko magalak. Izan ere, hasi eta berehala lanak geldiarazi ziren izandako mugimendu handiengatik. Ondoren Gerra Zibila etorri zen, eta azkenean 1959an hasi zen martxan urtegia.

2003 eta 2011 artean, adibidez, 15 milimetroko mugimendua izan zuen hegalak. 2006an ere beste mugimendu handi bat izan zen magalean; ezkutatu egin zen, baina prentsak azaleratu zuen. 2013an, halaber, izandako uholde handien ondorioz, bi luizik aztoratu zuten panorama, eta han eraikitako Lasaitasuna eta Esako Behatokia urbanizazioak hustu behar izan zituzten. 2014an urbanizazioen lurrak desjabetu zituen Espainiako Gobernuak eta han jadanik ez da inor bizi.

Betetzeak eta husteak berez dakar desegonkortasuna

Txostenaren esanetan, urtegiaren handitze lanak hasi zirenean eskuineko magalak lanak jasateko zuen gaitasuna aztertu zen, eta baita haren iragazkortasuna ere, baina ez zen planteatu haren bilakaera geomorfologikoa aztertzea. Presari eusten dioten iltzeen mugimenduei ere ez zaie behar adinako arretarik eskaini: “Egungo neurketek gabezia garrantzitsuak dituzte, eta etengabeko erregistroak emango dituzten auskultazio tresna automatikoak jarri behar dira”.

Geologoek onartzen dute lan garrantzitsuak egin direla magalean, baina hala ere, haien aburuz hegala ezegonkorra da oraindik: kontuan hartu behar da urtegiaren betetze eta huste prozesuek berez dakartela desegonkortasuna, eta berriz jarriko dutela proban hegala, baita mugimendu sismikorik gabe ere.

Urtegiak gaur egun 446 hektometro kubikoko gaitasuna du eta handitzearekin 1.525 hektometrora iritsiko litzateke. 2003an hasi ziren urtegiaren handitze lanak 113 milioi euroko aurrekontua batekin, eta dagoeneko 500 milioitik gora gastatu dituzte. Urtaro hau da Esak ur gehien biltzen duen garaietakoa, baina aste honetan 219 hektometro kubiko besterik ez ditu, hau da, bere ahalmenaren %48ra dago. Hegalaren arriskuez gain, aditu askoren ustez, ez du merezi urtegia handitzea, besteak beste, euri eskasiak ikusita betetzeko zailtasun handiak izango direlako.