argia.eus
INPRIMATU
Esako Udalak ez du kalte ordainik jasoko urtegiko desjabetzeengatik
  • 103 etxebizitza galduarazi ziren Esa urtegiko eskuin hegala eraikitzeko. Esako Udalak Espainiako Ingurumen Ministerioari kalte-ordainak eskatu zizkion, baina orain Auzitegi Nazionalak ordainik ez ematea ebatzi du.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2019ko otsailaren 22a

Ordainik ez du jasoko Esako Udalak urtegiko eskuin hegaleko lanek eragindakoagatik. Luiziak eragin zituzten Esa urtegiko lanek eta Lasaitasuna eta El Mirador urbanizazioetako 103 etxebizitza desjabetzera behartu zituzten. Konpentsazioa eskatua zuen Udalak eragindako kalteengatik baina Auzitegi Nazioanak ez du halakorik emateko motiborikikusten. Esako Udalak argi esan du: 103 etxebizitza galdu izateak esan nahi du herriaren %26,7 desagertzea. Guztira 392 etxebizitza ditu herriak eta sozioekonomikoki jada herriari eragin guztiz ezkorra ekarri dio: "Biztanle gutxiago gara herrian, mugimendu gutxiago dago eta diru-iturri txikiagoak ditu udalak", nabarmendu dute. 

Esaren handitze lanak sortutakoaren ordaina jasotzeko eskaera ezeztatu egin diete, beraz. Auzitegi Nazionalak dio proiektu bat egin behar izan balitz lurraldearen lehengoratzea eskatzeko 2015ean Esaren handitzea onartu zen egitasmoari jarri beharko lioketela errekurtsoa eta ez ondoren. Udalak baina ez zuen errekurtsorik jarri garai hartan eta halakorik ez zuenez egin orain kalte ordainak eskatzeko beranduegi dela deritzo Auzitegi Nazionalak, tokiz kanpoko eskaera dela.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.