argia.eus
INPRIMATU
Esa urtegia handitzearen obrak gelditzeko eskatu du Nafarroako Parlamentuak
  • Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala onartu du Esa urtegia handitzeko obrek sortu duten xahutze ekonomikoaren aurrean: lanak gelditzeko eskatzeaz gain, proiektuaren kontuak auditatzeko gardentasuna ere eskatu du.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2018ko ekainaren 19a
Esaren magal labainkorrek hondamendi arrisku larria sorrarazi dezaketela salatu dute maiz. Segurtasuna dela-eta izandako gainkostuek proiektuaren aurrekontua biderkatu dute (arg: Arainfo / Pablo IbaƱez)

Segurtasun ikuspuntutik buruhauste gutxi eman ez eta orain erakunde publikoek ziur esan dezakete ekonomikoki ere pitzadura itzela dela. Esaren handitzeak jadanik 253,5 milioi euro xahutu ditu eta beste 188 milioi gastatuko dira, Espainiako Kontu Auzitegiaren txosten baten arabera: obra %110 garestitu da 2000. urtean esleitu zenean zuen aurrekontuarekin konparatuta –113 milioi euro kosta behar omen zuen–. Hortaz, jadanik 140 milioi euroko zuloa utzi du eta 12 urteko atzerapena darama, 2005ean amaituta behar bailuke.

Errentagarritasun soziala ezbaian

Kontu auzitegiaren datuek gezurtatu egiten dituzte Ebroko Konfederazio Hidrografikoak (CHE) emandakoak eta kolpe itzela da urtegia handitzearen "onurak" defendatzen zituztenentzat. Txostenak dio proiektuaren “errentagarritasun sozialak alterazio handia” izan duela eta ezbaian jarri du bere interes publikoa. Areago, egin behar ez denaren “adibidetzat” jarri dute.

Txosten horren ondorio argigarriak ikusita, Nafarroako Parlamentuko Bozeramaile Batzordeak Esaren handitzea geratzeko eskatu dio astelehenean egindako bilkuran CHE-ri –Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta I-Eren botoekin–, eta kontuak sakontasunez auditatu ahal izateko “gardentasun eta kontrol” beharra  adierazi du.