argia.eus
INPRIMATU
Esa urtegiaren handitzea 2027rako bukatu nahi dute
  • Lanak duela 22 urte hasi ziren, baina urtegiaren eraikuntzak hamaika arazo izan ditu, eta oraindik lanek atzera-aurrera jarraitzen dute. Rio Aragón elkartearen eskaerari erantzunez, lanak 2027an bukatzea aurreikusten duela erantzun du CHE Ebroko Konfederazio Hidrografikoak.

2023ko irailaren 29a
Argazkia: CHE

Hamaika kapitulu ditu azpiegitura honen eraikuntzak eta horietako esanguratsuenetakoa da 2013an gertatutakoa: Esako urtegiaren eskuin mazelan lur-irristaketa bat izan zen, eta horren ondorioz eremu hartan eraiki ziren 103 etxebizitza eraitsi behar izan zituzten.

Harrez gero, beste hamaika ikerketa egin dira mazelari buruz, eta, ñabardura esanguratsuekin bada ere, guztietan azaldu da lur horien mugikortasunaren gaia, horrek ekar dezakeenaren arriskuarekin. Guztiaren ondorioz, proiektua bere laugarren moldaketan dago orain, eta urtegiaren aurka borrokan ari den Rio Aragon elkarteak hari buruz galdetuta zera erantzun du CHEk: “Gaur egun indarrean den exekuzio plana 2027ko azaroaren 30ean amaitzen da”. Erantzun horretan dio gaur egun proiektuaren laugarren moldaketan ari direla lanean eta berau bukatu arte ezin diola informazio gehiago eman.

Arainfo-n azaldu dutenez, Rio Aragón elkarteak salatu du duela sei urte hasi zirela laugarren moldaketarekin eta CHEk oraindik ez duela eman arrazoi esanguratsurik gertatzen ari den atzerapena azaltzeko. Edozein kasutan, zehazten du moldaketa horiek oso korapilatsuak izango direla, “100 metroko sakoneran ematen diren arazoei erantzun beharko dielako”.

Euri jasen ondorioz, adibidez, lurreko pitzaduretatik sartzen den urak mazelen ezegonkortasuna areagotzen du, eta mugimenduak izan dituzten urak bideratzeko eraikita dauden gainezkabide batzuk berriz eraiki beharko dituztela dio Rio Aragónek.

Libiako urtegien hondamendia

Lanak 2001ean hasi ziren eta 2005ean bukatu behar zuten, baina oraingoz 2027ko bukaera data dute. 113 milioi euroko aurrekontuarekin hasi ziren, baina jadanik 500 milioikoa da. Orain, gainera, Libian uholdeek eta bi urtegiren erorketek eragindako hondamendiak, Esako urtegiarekiko beldurrak astindu ditu. Nadhir Al-Ansari ingeniari eta baliabide hidrikoen adituaren esanetan, Libiako urtegien apurketaren errua ez da bakarrik uholdeetan bilatu behar, baizik eta, haren kudeaketan. Horrez gain, hainbatetan, eraikuntza lanetan izandako akatsek ere eragiten dute urtegietako hondamendietan.

Eraikuntza lanek asko geldotu dira bi hamarkadetan, baina aurrera jarraitzen dute, eraikuntzaren arduradun politikoen ustez –Espainiako Gobernua– mazeletan gertatzen diren mugimenduak oso txikiak direlako edo nahiko oreka dagoela iristen diotelako. Edozein kasutan, irailean bertan ezagutu den beste albiste batean arabera, satelite bidez ere Esako urtegia ezegonkorra dela ohartarazi dute.