argia.eus
INPRIMATU
Esa urtegiak sorturiko arriskua ezkutatu nahi izatea egotzi diete agintari politikoei
  • "Esan eta manipulazio informatiboa" izeneko idatzia zabaldu dute Esa Ez-Lanak Gelditu eta Río Aragón elkarteek hainbat hedabidetan. Agintari politikoek, azpiegitura horrek dakarren arriskua ezkutatzeko darabilten hizkera salatu dute.

ARGIA @argia 2020ko abuztuaren 27a
Arrakalak Esa inguruan (arg.: Pirineodigital.com)

Miguel Solana Río Aragón elkarteko presidenteak sinaturiko idatzian dio Esaren inguruan "bi kanal informatibo" antagoniko sortzen ari direla. Alde batetik "zientifikoa", zeinak dioen Esako Segurtasun faktorea balio "onartezinetan" dagoela eta azaleko moldaketek ez dutela ezer konponduko. Bestetik, komunikazio "politikoa" legoke: "Bere kezka bakarra da diskurtso zientifikoak finkatu duenaren larritasuna erlatibizatzen saiatzea, ezkutatzea ez denean".

Solanak gogorarazi du uztail honetan Zangotzako Udalak Ingeotyc enpresaren txostena jaso duela, EHUrekin batera egina, eta bertan Esako arrakalek eta magala mugitzeak sorturiko arriskua berresten dela; urtegia handitzeko presa berria ez dadila bete gomendatzen du txosten horrek.

Horren aurrean "bonbardaketa informatibo eta faltsutzailea ari gara jasaten, despetxu ofizialetatik sortua", dio Solanak. Hainbat agintarik iraganean erabilitako hitzak errepasatu ditu Río Arangoneko ordezkariak, azkenak PSNko bozeramaile Javier Lecumberrik esandakoak: "Lasaitasun maila bat eduki behar dugu, egonkortasuna badagoelako", adierazi zuen ordezkari sozialistak bideo batean. "Bitartean –dio Solanak– azaroan eta abenduan eroritako 335 mm-ek arrakala berriak ekarri dituzte".

Podemosek kezka

Unidas Podemoseko ordezkari eta Espainiako Parlamentuko Trantsizio Ekologikoko Batzordeko presidente Juantxo Lopez Uraldek kezka azaldu du Esa handitzeko lanengatik, eta hura gelditzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari: "Berriz ere obra hidrauliko handien politika zaharra jarraitzen duen proiektu baten aurrean gaude, eragiten duen kalte ekologikoaren eta batez ere sortzen dituen arriskuen gainetik".