argia.eus
INPRIMATU
Esako urtegiak sor ditzakeen arriskuak “gutxiesten” ditu Ebroko Ur Konfederazioak
  • Segurtasuna ziurtatua ez dagoela diote teknikoek. Gobernuak aintzat hartu du adituen esana eta nazioarteko talde bati eskatuko dio ikertu dezala Esako urtegiaren proiektuak bermerik ba ote duen. 

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko urriaren 09a
Balizko arriskuengatik Esako urtegia ikertuko du Nafarroako Gobernuak.

Nafarroako Gobernuko teknikariek egindako ikerketa lan baten emaitzak argiak dira: Esako urtegian egiten ari diren handitzeak ez du segurtasuna ziurtatzen. Barne departamentuko, Garapen Ekonomikoko eta Ingurumeneko tekniko adituak egindako lana izan da. Gobernuak datu horiek ezagututa heldu den urteko aurrekontuetan diru-sail bat bideratuko du nazioarteko aditu talde batek ikerketa lana egin dezan ESAko urtegiaren proiektuaren inguruan. Txosten hori egiten duten bitartean gainera, Esako urtegian abian diren zabaltze lanak geldiarazteko eskatuko du Gobernuak. 

Teknikoek osatu berri duten txostenak jasotzen duena da Ebroko Ur Konfederazioak "gutxietsi" egiten dituela Esako urtegia handitzeak sortu ditzakeen kalteak eta bereziki sortzen duen segurtasun eza han bizi diren biztanleengan. "Naturak berak eta urtegiaren inguruak sortzen duten ezjakintasunak arriskuan jarri dezake eskuin hegalaren segurtasuna eta horrek arriskuan jartzen ahal ditu Esa inguruan bizi diren herritarrak ere", nabarmendu dute txostenean. 

Zerk eragiten du Esako urtegiaren segurtasun eza?

Iaz egin zuen aditu talde batek txostena Esako urtegian egiten ari ziren proiektuaren inguruan. Zenbait faktorerengatik uste dute ez dela segurua urtegian egiten ari direna: 

- Inguru horretako geologia. Askotarikoa eta zailtasunez betea. Paleomugimenduekin eta irristatzeekin. 

- Parametro geotekniko okerrak egin izana urteotan. 

- Eskuin hegalean egiten ari diren lanek sortu duten segurtasun eza zenbaterainokoa den aztertzerakoan Ebroko Ur Konfederazioak zehatz ez jokatu izana. 

- Urtegia bera nola erantzuten ari den egindako lanen aurrean. 

- Larrialdi egoera baten aurrean prestatutako plana.

Albiste hau Euskalerria Irratiaren webgunean argitaratu da eta CC by-sa lizentzia baliatu dugu ARGIAra ekartzeko

Datorren astean gaiari buruzko erreportajea kaleratuko du ARGIAk