argia.eus
INPRIMATU
Esa-ko urtegia handitzeari oniritzia eman dio Trantsizio Ministerioaren txostenak
  • Azkenean agertu da “galduta” ibili den Esako urtegiko segurtasunari buruzko Espainiako Gobernuaren txostena eta urtegiko lanekin aurrera jarraitzea ahalbidetzen du

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko irailaren 21a
Itoizko urtegia aurtengo abuztuaren amaieran. (Argazkia: EITB)

Trantsizio Ekologikorako Ministerioak enkargatu zion azterketa Portu, Ubide eta Bideetako Ingeniarien Elkargoari, hainbat eta hainbat txostenen ondoren, honek azken gisako aholkua eman zezan-edo. Txostenaren arabera, “magalak egonkortasun nahikoa du hari atxikitako presak zerbitzuan jartzeko”. Hala ere, urtegia betetzeko eta husteko protokolo bat zehaztu beharko da, presak eta magalak zein portaera duten gertutik jarraitu ahal izateko eta eraikuntza prozesuan dagozkion aldaketak egin ahal izateko.

Koldo Martinez Geroa Baiko senatariaren esanetan, ordea, txostenaren emaitza ez da horren segurua eta ziurgabetasunez beterik dago. Geroa Baik argitaratutako prentsa oharrean senatariak dioenez, “637 orrialde dituen txostenaren lehen irakurketatik zalantza ugari sortzen dira. Ondorioen hamaika orrialdeetan hamalau alditan erabiltzen da ‘ziurgabetasun’ hitza”.

Lur-irristaketa ugari egon diren eskuin magalari buruz ere mintzo da Martinez: “‘Presente dauden zalantza kopuru handiak fidagarritasun gutxi ematen dio segurtasun koefiziente bat lortzeko edozein kalkulu edo modelizaziori”, eta bere ustez ‘egonkortasunarengan eragina duten faktoreen inguruan dagoen ziurgabetasuna dela eta, oso zaila da frogatzea egungo baldintzak segurtasun faktore onargarri baten gainetik (ez proiektuan ez eta inongo arau ofizialean ezarria) daudela”.

Gardentasun eza

Bai Martinez senataria, bai Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak txosten honen inguruan izan den gardentasuna eskasa aipatu dute. Ikerketa 2018an agindu zuen ministerioak eta Elkargoak 2021eko apirilerako bukatu zuen lana.

2020ko otsailean Compromiseko diputatu Carles Muletek galdegin zion Trantsizio Ministerioari ea non zegoen azterketa, eta hark erantzun zion jadanik emana ziela Nafarroako Gobernuari eta CHE Ebroko Konfederazio Hidrografikoari. Baina lana ez zen ageri eta iragan apirilean, EH Bilduko parlamentari Adolfo Araizek txostenaz galdetu zion foru gobernuari, eta Javier Ramirez gobernuko bozeramaileak ihardetsi zion gobernuak ez zuela txostenik jaso. Azkenean, Pozueta diputatuari erantzunez, Espainiako Trantsizio Ministerioak irailaren 15ean Kongresuan onartu berri du uztailaren 22an utzi zuela foru gobernuaren esku.

Azalpenak eman ditzan Teresa Riberaren agerraldia eskatu du Pozuetak Kongresuan, eta bitartean, segurtasuna bermatzeko moduan egon arte, urtegiko obrak gelditzea.