argia.eus
INPRIMATU
Esa Ez: “Urtegiaren ur maila jaitsi ala Zangoza ebakuatzea, ez dago beste aukerarik”
  • “Esako urtegiko magalaren mugimenduek berdin jarraitzen dute, inguruko urbanizazioak oraindik ez dira bizitzeko egokiak eta herritarrak ez gaude informatuta”, adierazi zuten asteazkenean Esa Ez elkarteko kideak Nafarroako Parlamentuan. Egungo egoeraren aurrean bi aukera daudela ziurtatu zuten: urtegiaren ura gutxitu ala Zangoza hustea, Noticias de Navarra egunkariak jaso duen bezala. Obrak gelditzearen alde lan egin dezala eskatu zioten Gobernuari.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko otsailaren 09a

Esa Ez elkarteko bozeramaile Iker Aramendiak eta Antonio Casas geologoak Esako urtegiaren egungo egoera azaldu dute Parlamentuan, Ebroko Ur Konfederazioaren (CHE) informe berriaren harira: “Une honetan presaren egoera jasanezina da. Eskuineko magalaren mugimendua geroz eta kaotikoagoa da eta hasieran aurreikusten ez ziren zonaldetara zabaldu da”, azaldu du Casasek.

Etorkizunari dagokionez, geologoak azaldu du eboluzioa zehaztasunez aurreikustea ezinezkoa dela, baina tendentziak bere horretan jarraitzen badu, gerora sostengaezina bihurtuko dela: “Edozein momentutan irrista daiteke eskuineko estribua sostengatzen duen masa erraldoia”.

Gauzak honela, bi irtenbide proposatu ditu adituak: batetik, urtegia hustea onargarria den kota bateraino (egungoa baino askoz baxuagoa); edo, bestetik, Zangoza ebakuatzea. Izan ere, oso zona zaurgarrian dago, eta katastrofe bat gertatuz gero 25 minutu baino ez lituzkete izango herria husteko eta ebakuazioa burutzea “kasik ezinezkoa” izango litzateke.

Esa Ezek aurkeztutako salaketa gutxietsi du CHEk

Elkarteak 2016ko otsailean bide administratiboan aurkeztutako denuntzian honakoa salatu zuen: Ebakuazio hipotetiko baten aurrean ez da inongo protokolorik existitzen eta emergentzia plana ez da inoiz ezarri, ezta 2013an ere, mugimendu handienak gertatu zirenean eta 108 etxebizitza utzarazi zituztenean. Honen aurrean CHEk emandako erantzuna “nagia, partziala eta interesatua” izan da, Aramendiaren hitzetan. “Guk ez ditugu lasaitasun hitzak entzun nahi hauek faltsuak direnean”, gaineratu du.

Obrak geldiaraztea eskatu diote Parlamentuari

Nafarroako Parlamentuari eskatu diote lan egin dezala beharrezkoak diren ikerketak egiteko eta handitze lanak gelditzeko. “Segurtasunez bizi nahi dugu. Norbaitek geldi dezala erokeria hau”, amaitu du Antonio Salas geologoak.

Talde parlamentarioen erantzunei dagokienez, laukoak –Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra alderdiek– onartu du herritarren segurtasuna arrazoi nahikoa dela proiektua gelditzeko eta irtenbide teknikorik egokiena zein den erabakitzeko. UPN, PP eta  PSN alderdiko bozeramaileek, berriz, alarmistatzat jo dute Esa Ez kideen jarrera eta CHEren adierazpenei sinesgarritasuna eman diete.

Interbentzioaren audioa: