argia.eus
INPRIMATU
Ertzetik harago
  • Jai eredua: Indar hartzen zihoan jai eredua ber-pentsatzeko beharra ezinbesteko bilakatu da, hainbat eztabaida ertzetatik erdigunera igaro izanaren ondorioz.

Markel Ormazabal 2015eko otsailaren 25
Ilustrazioa: Joseba Larratxe

Oraino entzun ez baduzu, aditu ezazu, merezi du eta. Inoren Ero Ni eta Ertzak. Gauden lekutik ertzetara bultzatzen gaituen indar horietako bat. Eta ertzetan ez du inork bizi nahi beste leku bat baldin badugu aldez aurretik, ertzetan haize hotz batek jotzen baitu bizkarrean. Baina ertza edozein lekutan dago. Are, Donostiako Piratak Jai Herrikoien Aldeko Mugimenduaren historia eta istorioak ere ertz eta ertzei buruzkoak daitezke.

Krisia dugu ertzetatik edozein eztabaidaren erdigunean kokatu dena. Eta egiaz, ezinbestekoa zaigu irakurketa ororen aitzin solasean krisiari buruzko azalpena egitea. Zibilizazio industrial modernoaren kolapsoa ez da urrutiko posibilitate apokaliptikoa, Joseba Azkarraga Etxagibel soziologoak ohartarazten digunez. Etorkizunak transformazio egundokoak ekarriko dizkigu, pitzadura ugariren konbergentziaren ondorioz, paradigma moderno industriala krisi sistemikoak jota baitago. Kapitalismo finantziario-ekonomikoaren krisia eta  krisi energetikoa eskutik datoz. Amaitu zen petrolio ugari eta merkeari esker antolaturiko “festa ikusgarria” eta sistemak hornikuntza arazo larriak izan ditzake. Are, gero eta gehiago dira diotenak ez dagoela gaurko krisi finantzarioa ganoraz ulertzerik erreparatu gabe petrolioaren 2008ko prezioari. Iraultza industrialarekin batera Klima aldaketa bizkortu dugu eta bioaniztasuna suntsitzen ari gara. Eta arazoen faltan, mundu zabalean eta mundu zabaleko ezberdintasunak egundokoak dira eta haziz doaz; krisi demografikoari, elikaduraren eta aniztasun kultural zein hizkuntzazkoak bizi dituzten krisiak gehitu behar zaizkio; ahaztu gabe krisi psikologikoak eta krisi politikoa. Bizi gaituen munduaren ertz funtsezko hauen egoerek agerian uzten dute zibilizazio krisi baten aurrean gaudela.

Bat nator Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakaslea den Carlos Taibok, iragan azaroan Gasteizen egin Politika Sozialeko XVIII. Biltzarrean esandakoarekin. Lehentasunezkoa izango da kapitalismoari autogestioaren eta desmerkantilizazioaren ikuspegi bikoitzetik erantzungo dion mugimendu sozial ororentzat autonomia espazioak eraikitzea. Espazio hauetan, noski, ezartzen zaizkigun joko arauen bestelakoak garatu beharko dira.

Duela gutxi arte, jaiak edo festak jendartearen eraldaketarako ertzeko espazio edo eremutzat ulertu izan dira. Bigarren mailako eremutzat, eraldaketan aurrera egiteko ahaleginak jendarteko beste eremu batzuetan egin behar direlako konbentzimenduaz. “Jaiak bai, borroka ere bai”, borroka eta jaia bi gauza ezberdin balira bezala. Botereak eta bere apopiloek, aitzitik, jaia hedonismo hutsera murriztu asmo izan dute “jaietan jai” eta halako pellokeriekin. Laburrean, ulertu arazi nahi izan digute jaietan gertatzen denak ez diola eguneroko bizimoduari eragiten, gauza banandu eta berezitzat ulertzen baita.

Jaiak, baina, bizitzaren erdigunean daude, eta  ondorioz, jendarte gatazkak jaietan ere erreproduzitzen dira. Ez soilik lan eta atseden erritoekin lotuta daudelako, ideia eta baloreen munduarekin lotuta daudelako baizik, herriaren nortasunarekin, jendarte egiturekin eta genero sistemekin. Hau da, pertsonen arteko harremanekin. Kanpora begirako proiekzio bat irudikatzeaz gain, identitate barne-dinamika batean kokatzen da jaia, kooperazio lokalaren eta jendarte esperientzia bat partekatzen ari delako pertzepzioaren bidez.  Jaia ez da inola ere aisialdi adierazpen hutsa. Festan biltzen, agertzen eta zilegi egiten baitira kultura eta jendartearen funtsezko hainbat alderdi, kultura eta jendarte horiek ezaugarritzat dituzten balioak, ereduak eta hierarkiak. Hala, jaietan agerian geratzen dira jendartean oraindik ere oso sustraituta dauden joera eta mugak.

Jaia, beraz, eraldaketa soziala ahalbidetzeko espazio ezinbesteko bezala agertzen zaigu. Eta horretan diraute euskal herrietako askotariko mugimenduek. Gauzak bestela egiten derrigorrean; edo saiakeran. “Beste mundu bat posible da” baino, Modernitate industrialak eraiki duen aterabiderik gabeko kalean paseatzearen ondorioz “beste mundu bat segurua”  den bezala, krisi garaiotan jaia ere bestelakoa zaigu. Eta ez soilik poltsikoetan hondarra  besterik ez zaigulako geratzen, baizik eta ohartu garelako mundu “garatuaren” kontsumitzeko eta produzitzeko patroiak arriskuan jartzen duela merezi duen guztia. Errotik aldatu behar ditugu produkzioa, ekonomia eta bizitza ulertzeko moldeak, eta jaien espazioa, bere berezitasunengatik, espazio egokia daiteke saiakera horretan.

Krisiarekin batera bestelako jendarte ereduek plaza publikora nola, hala egin du gurean jauzi azken urteotan eztabaidaren erdigunera jai ereduaren inguruko gogoetak. Eta aurtengo udak adibide franko utzi dizkigu, kasik egutegian gorriz tindaturiko egunak haina. Zeresan handia eman duen ekimena, dudarik gabe, Donostiako Piratek uztailean antolaturiko “Edozer dugu posible” eguna izan da. Mugimenduaren hitzetan “jai herrikoien aldeko eguna”, Manu Chaoren kontzertuak entzutetsu egina. Izan ere, bai mugimendua eta bai hiria bera, ertzetatik harago, munduaren mapan kokatu baitzituen Zurriola hondartzako ikuskizunak. Ez zen, noski, inguruotan Manuk eskainitako emanaldi bakarra izan. Berezitasunak, baina, agerikoak dira.

Donostiako Piratak, antolaketa eredu horizontalago eta parte-hartzaileagoa helburu duen eraketa eta gogoeta prozesu batean murgildurik daude. Antolaketa honek, eta baita auzolanean parte hartu zuen hamarnaka norbanakok ahalbidetu zuen ekimena. Piraten hitzetan 500 boluntarioren lanak egin zuen ikusgarri eguna. Jaialdiaren ingurumarian, gainera, gerora mugimenduaren baitan egonkortu diren zenbait lantalde sortu ziren. Adibide bat aipatzearren, eraso sexisten aurkako arretaren inguruan, eta Bilgune Feministaren ekarpenaz sorturiko lantaldea. Gerora, bai aste nagusi piratan eta bai ikasturtean zehar, genero ikuspegitik lanketa desberdinak egiten diharduena. Auzolan erraldoi honetan sortutako elkarlanak azpimarragarri dira. Aniztasun funtzionala duten pertsonekin lan egiten duen Goyeneche Fundazioa edo Bagera Euskara Elkartea, besteak beste; ahaztu gabe Porrotx edo Ainara Azpiazu bezalako artisten ekarpena. Merezi du, halaber, herri mugimendua eta administrazio publikoaren arteko elkarlanean arreta jartzea. Gorago aipatu autonomia lehenetsiz beti ere, aurrerantzean sortu daitezkeen bestelako espazioen peskizan urrats interesgarria zait. Udalaren zerbitzuen (Udaltzaingoa, Suhiltzaileak, Mugikortasuna, Garbiketa eta Hondartza zerbitzuak) eta herri mugimenduaren arteko koordinazioa %100ekoa izan zela adierazi zuen Juan Karlos Izagirre alkateak. Beste edozein herritan ohikoa daitekeen egoera, hogei urteko “odontokrazia”-ren ondorioz, berria da bere horretan Donostian.

Dena den, eta ertzetan haize hotz batek jotzen digun arren bizkarrean, erdigunean dena ez da goxo. Erdigunearen handitasunak horditzen baitu. Eta tamainak axola du, Euskal Herria Zuzenean festibaleko lagunek ondo dakitenez. Gaur gaurkoz, handitasunak bere horretan dakar muga. Jasangarritasunaz ari garela, adibidez, txikia eta handiaren arteko dikotomia erdigunean paratzen da. Eta hala, hondakinen kudeaketa edo multinazionalen produktuen salmentak zeresana sortu zuen mugimenduaren baitan. Egoerari itzulia eman nahi dioten mugimendu eraldatzaileek birjabetze materiala lortzeaz batera, birjabetze sinbolikoa behar dute. Deskolonizazio kulturala abiatu eta mendekotasun ideologiko barneratua eten beharra dute. Zer diren gauzak, bigarrena kasik erdietsita lehenean hankamotz. Hargatik, nago, jaialdiaren ekarpen handiena, azken urteetan eta mugimenduaren baitan, pixkanaka indar hartzen zihoan jai ereduaren ber-pentsatze beharraren eztabaida kide gehienen begietara erabat ezinbesteko bilakatu izana dela. Egoerak eraldatzeko funtsezkoak diren hainbat eztabaida ertzetatik erdigunera igaro izana, alegia. Bizitzeko moldeak azpitik aldatzeko, behetik gora eta lurrari ondo josita, ertzetara so egin behar. Eta orduan bai, orduan edozer izango dugu posible.