argia.eus
INPRIMATU
Ertzak gainezka, erdigunea hartzeko
  • Iazko Greba Feministak "Hemen gaude!" ozen esateko balio izan bazuen, esan dezaket aurtengoaren oihua "Eta asko dugu esateko!" izan dela.

Irati Majuelo Itoiz 2019ko martxoaren 11
Iruñeko kaleak. Argazkia: Ahotsa.info.

Ez da erraza Greba Feminista baten balorazioa egitea, eta are gutxiago bizipen pertsonaletatik hausnarketa orokorrak egitea. Hala ere, antolakuntzaren periferian ibili denaren begietatik botako ditut lau ideia. Laburpen gisa, iazko Greba Feministak "Hemen gaude!" ozen esateko balio izan bazuen, esan dezaket aurtengoaren oihua "Eta asko dugu esateko!" izan dela. Diskurtsoan heteropatriarkatuaren, kapitalismoaren eta arrazismoaren kontrako oinarriak jarri dira eta alternatiba feminista eraiki, ez dago Euskal Herriko Mugimendu Feministak prestatu zuen txostena ikusi besterik. Iruñean gorputzean bizi izan genuen diskurtsoak barnebiltzen duen erradikaltasuna eta aniztasuna, manifako blokeetako (dibertsitate funtzionaldunak, landa eremukoak, migranteak, gazteak, pentsionistak, presoak) ordezkariek hitza hartu zutenean.

Baina, Nafarroa feminista izanen bada, herri eta auzoei esker izanen da. Aurtengo apustu handiena deszentralizazioa izan da, eta esan beharra dago Nafarroako herrien antolakuntza maila izugarria izan dela. Iparretik hegora, ekialdetik mendebaldera, ez da egon mobilizazio gabeko ibarrik. Sare sozialak mugitzea egokitu zitzaidan, eta izugarria izan zen herri bakoitzak igotzen zituen argazkiak ikustea. Zuek zarete Nafarroa feministaren indarra!

Azpimarratu beharra dago, iazko arrakastaren ostean, alderdi politiko, hedabide eta enpresetan zuriketa feminista areagotu dela, eta aurtengo grebak horri ere aurre egin behar izan diola. Iruñeko manifestazioan esan zen bezala, argi izan dezatela: feminismoa ezin da domestikatu, aurrean izanen gaituzue!

Ezin dut amaitu antolakuntza aipatu gabe. Nire miresmenik handiena hilabeteetan zehar ohiko bizitza bazter batean utzi duzuenoi, guztion bizitzak erdigunean jartzen saiatzeko. Mobilizazioetatik harago, josi dituzuen sareak ez ditu neoliberalismoak hautsiko. Mila esker. Ahizpatasuna eta antolakuntza!