argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzari gorrotoa, edo Ahumadako Dukearen memoria

Aitor CastaƱeda Zumeta @aitorcastanedaz 2021eko irailaren 27a

Ez da hainbeste denbora pasa Arnaldo Otegik Ertzaintza “[euskal] populazioaren parte handi batek gorrotatua” dela adierazi zuenetik (Radio Euskadi, 03/14). Gorrotoa oso sentimendu komuna omen da mende honetan, ingelesezko hater terminoa popular egin baita. Bere aldetik, Iñaki Oyarzabal ‘popularrak’ euskal eskola identifikatu du gure gorroto guztien sorburu, irrati berdinean (09/08).

Ez dut uste Euskal Herrian munduko beste tokiotan baino haterragoak garenik, eskola-aferak gorabehera. Argi dut ordea badaudela gorrotoa aski maite dutenak. Eta antza denez, Otegik badu arrazoi bat Ertzaintzari omen zaion higuina justifikatzeko: bere polizia-eredu “espainiarra”, “jende kolpekaria”. Oyarzabalek esan zuen “espainolari herra” zabaltzen dela hemen, eta paralelismo bitxia sortu du lider abertzalearekin. Izan ere, biek oso ondo antzematen dituzte besteen gorrotoak, baina ez eurenak.

Heziketa aldetik –Oyarzabalekin ados–, Euskal Autonomia Erkidegoan ez gabiltza fin. Izan ere, heziketa publikoaren betebeharretako bat da autoritatea errespetatzea irakastea, gizartea orden minimo batekin ibili dadin. Eta zentzu horretan, azken hilabeteetan ikusi izan ditugun poliziarekiko enboskadak ez dira gure heziketa onaren erakusle. Popularrak ordea ez du bere aurrejuzgu politikoetatik haratago ikusi: ez da Espainiarekiko gorrotoa gure gaitz larriena, gurearekikoa baizik.

"Euren burua abertzaletzat duten askok, ez dute euren herrian ordena publikoa estimatzen. Eta lehen, horretan ziharduen polizia espainiar petoari 'okupatzaile' deitzen bazioten, orain tokiko polizia indarrak dira halako"

Euren burua abertzaletzat duten askok, ez dute euren herrian ordena publikoa estimatzen. Eta lehen, horretan ziharduen polizia espainiar petoari “okupatzaile” deitzen bazioten, orain tokiko polizia indarrak dira halako. Adibide esanguratsua da Legazpiko Gaztetxeak apirilaren 18an gizarte sareetan argitaratutako manifestua, non Ertzaintzak –“indar okupatzaileak”– bertan egindako bilera bat disolbatzea salatzen zen –bilera, noski, pandemiaren aurkako arauak errespetatu gabe egin zena–.

Ertzaintzari egin dakizkiokeen kritika sanoak gorabehera, ezin dut ukatu inbidia sano pittin bat sentitzen dudala espainiar poliziarekiko. Izan ere, nazionalista espainolen Viva España oihua, kasik ez da ulertzen y la Guardia Civil gehitu gabe. 1844ko martxoaren 28an Ahumadako Dukearen eskutik ibiltzeari ekin zion polizia militar hori, espainiar herriak gehien maite omen duen instituzioa da, norberaren kolore politikoaz gaindi (SocioMétrica, 2019).

Espainiak aski ondo ulertzen du aspaldi zendutako López Rodó politikari katalan eta –Oyarzabal bezala– ‘popularrak’ zentzu handiz Espainiako Kongresuan esan zituenak: “Bidelapurretatik babesteko, nekazariak ezpata gerrian eraman behar izan ez zuenean, orduan jaio zen estatua” (1978/06/15). Hari horretatik, euskal estatua nahi duten batzuei ahaztu zaie zein oinarrizkoa den guretzat Arabako armarrian agertzen den leloa.

Ez naiz ezer asmatzen ari; XVIII. mendean, Espainia bideetako segurtasuna bermatzen zuten tokiko poliziaz josita zegoen –Toledo eta Talaverako Anaitasun Zahar eta Santua, kasu–. Arabako Foru Aldundiak minoiak zituen, eta Gipuzkoa eta Bizkaikoak mikeleteak. Estatu modernoak bateratu egin zuen ordena publikoa, eta tokiko polizien eskuduntzak aski urritu ziren, aldundiak eta euren instituzioak babestera mugatuz.

Begi bistakoa da ordenak edozein estatuan duen garrantzia, eta euskal kasuan, II. Errepublikak eskuduntza hura Euzkadi-ko Jaurlaritzari transferitu ondoren (Gaceta de Madrid, 1936/281) Agirre lehendakariak hartutako lehen erabakietako bat izan zen Polizia Militarra sortzea, gerora Ertzaña, gerratik lurraldea babesteko. Guda ondoren, eta Jaurlaritza erbesteratuta, disolbatuko zuten polizia hura, eta bidenabar «probintzia traidoreetako» mikeleteak, euren Aldundien foru izaera ere deuseztatu ondoren (BOE, 1937/247). Logikoa zirudien beraz demokrazia ailegatuta, polizia hura berpiztu nahi izatea.

Ez dadila ahaztu berpizte horren aldeko izan zirela Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian 1977an diputatuak lortu zituzten alderdi guztiak, ‘popularrak’ izan ezik. López Rodó ez zegoen batere ados ordena publikoa autonomi erkidegoei transferitzearekin, «separatistak» oilartuko zirelakoan. Ezin zituen imajinatu Otegiren hitzak 40 urte pasatxoren ondoren. Eta ez zuen behar bezala estimatu zeinen ordena-zaleak garen euskaldunok; izan ere, Ahumadako Dukea, Girón Ezpeleta, iruñarra zen, eta bere aita, donostiarra. Traidorea, gure historia!