Jokin Aperribay Real Sociedadeko presidenteak azaldu du gertaturikoa “argitzeko” eskatu diola Polizia autonomikoari. Zauritutako Amaia Zabarteren familiak klubari egotzi dio publikoki ez gaitzestea erasoa.
Reala eta Paris Saint-Germain taldeen arteko futbol partida batean Donostiako zelaiaren kanpoaldean larri zauritutako zalearen kasuak astearte honetan jauzi egin du Realak egindako batzar nagusira, eta Donostiako klubeko presidente Jokin Aperribayk azalpenak eman behar izan ditu bazkide guztien aurrean.
2024ko martxoaren 5ean Amaia Zabarte zalea Reale Arena kanpoaldean mugikorraren estaldura bila ari zela larri zauritu zen Ertzaintzaren oldarraldi batean, itxura guztien arabera foam jaurtigailu batek buruan jota. Ondoren, bideo irudietan ageri denez, ertzain batek lagundu beharrean ostikoz kolpatu zuen gainera.
Realeko batzarrean Zabarteren familiak hartu du hitza eta klubari egotzi dio publikoki ez gaitzestea poliziaren erasoa: “Atsekabetuta eta triste sentitzen gara”, azaldu du bikotekide Joseba Novoak, eta Realak “bigarren mailako” biktima gisa tratatu dituela salatu du.
Aperribayk erantzun dio ez dutela beharrik ikusi ohar publiko bat kaleratzeko, baina Ertzaintzari modu pribatuan “erantzukizunak” eskatu dizkiola. Azaldu duenez, erantzun bat izango dutela ziurtatu diote.
Zabarteren kasua epaitegietan dago momentu honetan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak dio ezin dela “baieztatu foam jaurtigaia izan zenik” Realeko zalea buruan larri zauritu zuena. Baina Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak azaroan auzia berriz ireki eta berriz ikertzeko eskatu zion Donostiako Instrukzio Epaitegiari. Izan ere, epailearen ustez zalea foam jaurtigailu batekin zauritua izan zenaren “ebidentzia erakusten” dute egun hartako bideo irudi batzuek.
Segurtasun Sailak, hilabete ugari pasa diren arren, ez du Ertzaintzak jazotakoaren inguruan egindako barne ikerketaren berririk eman. Familiak orain eskatu du beste Polizia indar batek ikertzeko kasua: “Beste edozeinek hobeto egingo du”, esan du.