argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzaren txosten sekretu baten arabera Aznarrek Espainiako Inteligentzia Zerbitzuari eskatu zion ETA M11ko atentatuei lotzeko
  • El Diario egunkari digitalak argitaratu du Ertzaintzaren txostena. Honela dio: “Espainiako Inteligentzia Zerbitzuak beraien Gasteizko langileak mobilizatu zituen ETA Al Qaedarekin lotu ahalko zuen informazio bila”. Dokumentuaren arabera, Italiako web orri bat arakatzen aritu ziren.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko martxoaren 11
Aznar eta Acebes, orduko presidentea eta Barne ministroa RTVE

2004ko martxoaren 12an idatzitakoa da aipaturiko Ertzaintzaren txosten sekretua, 20 urte geroago El Diario agerkariak argitara emandakoa. Dokumentuak agerian uzten du PPren gobernuak Espainiako Inteligentzia Zerbitzuko Gasteizko langileak mobilizatu zituela ETAren eta Al Qaedaren arteko lotura bilatu eta prentsara zabaltzeko, gutxienez martxoaren 14ra bitartean, Espainiako Kongresurako hauteskundeak egin arte. “ETArekin lotzea lortuko ez bazen, denak langabezian geratuko ziren”, argitzen du Ertzaintzaren txostenak.

‘Zulo’, iturri konfidentziala

Espainiako Inteligentzia Zerbitzuko goi-kargudunek martxoaren 11ko eguerdirako bazekiten, ia erabateko ziurtasunez gutxienez, Al Qaedak eragin zuela atentatua eta ez ETAk. Izan ere, ordurako Espainiako Poliziak atzemana zuen lehergailuak eta Koranaren olerkiak zituen furgoneta. Une horretatik aurrera, Al Qaedaren eta ETAren arteko loturak “bilatzeko” deia egin zieten Espainiako Inteligentzia Zerbitzuko Gasteizko langileei.

Martxoaren 11n, iluntzeko 20:00etan, Ertzaintzaren konfiantzazko Madrilgo pertsona bati hots egin zioten Gasteizko espiatzaileek. Konfiantzazko pertsona horrek Zulo zuen ezizena, eta “A”-tik “C”-rako fidagarritasun kalifikazioan, maila gorena zuen.

“Espainiako Gobernua izorratuta dago badakitelako Al Qaeda izan dela eta ez ETA”, esan zion Zulok Ertzaintzari. Txostenean irakur daitekeenez, Inteligentzia Zerbitzuko kideek dei batean baino gehiagotan eskatu zioten kontaktuari prentsari esan ziezaion ETAk parte hartu zuela atentatuan, edo gutxienez ETAk “harremanak zituela arabiar terroristekin”.

193 hildako, mila zauritu, eta desinformazio ugari

Lau trenetan lehergailuak jarri zituen Al Qaedak 2004ko martxoaren 11n, goizean. Lehen unetik ETAri egotzi zion egiletza Espainiako Gobernuak, bi aste lehenago lehergailu bat ipintzen ahalegindu zelako. Eusko Jaurlaritzako lehendakari zen Ibarretxek ere ETAri egotzi zion ardura zalantzarik adierazi gabe, nahiz informazio zehatzik eduki ez. ARGIAk gertakarien hurrengo astean argitaratutako erreportajean ideia horixe da gailentzen dena: gobernu batek ez lukeela suposizioetan oinarritu beharko.

Espainiako historiako atentaturik larriena izan zen, eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeak deituta zeuden hiru egunera. Inkesta guztiek zioten Aznarren PPk irabaziko zituela berriro ere. Atentatuaren ardura ETAri egotzi zion PPk, era irmoan, eta, nahiz eta informazio horiek gezurtatzen zituen beste informazio batzuk argitara eman, gezurrari eutsi zion Aznarrek, Espainiako Gobernuak Irakeko gerran parte hartu izana baitzegoen erasoen atzean.

Anjel Berrueta eta Kontxi Sanchiz

Hauteskunde bezperan, berezko “hausnarketa egunean”, herritarren mobilizazio eta PPren gezurrek aurreko egunetan bezala jarraitu zuten. Zenbait sektorek ETA seinalatzen jarraitzen zuten testuinguruan, Angel Berrueta okina hil zuten Iruñean Espainiako polizia batek eta bere semeak. M11ko atentatuaren erantzule ETA egiten zuen kartel bat okindegian jarri nahi izan ez zuelako hil zuten. Hurrengo egunean, Berruetaren omenezko manifestazio batean Kontxi Sanchiz hil zen Hernanin, Ertzaintzaren karga baten ostean bihotzekoak jota.