argia.eus
INPRIMATU
Hainbat protesta deitu dituzte Tolosako polizia-kargak salatzeko
  • 16 urteko gazte billabonatar batek zauri larriak izan ditu begiaren inguruan, Ertzaintzak Tolosan igande gauean kargatu ostean. Tolosaldeko Atariak informatu duenez, pilotakada bat eman zioten.

Ainara Rodil Jaime 2024ko otsailaren 12a
Ertzaintzak pilotak tiro egin zituen Tolosan.

Tolosan gertatutako polizia-kargak salatzeko, Sare Amasa-Villabona-k prentsaurrekoa egingo du gaur, hilak 13, 19:00etan Villabonako Berdura plazan. Bestalde, Tolosaldeako Kontseilu Sozialistak manifestazioa deitu du 18:00etan Triangulo plazatik hasita.

Hainbat liskar izan ziren Tolosako Inauterietan. Horietako batean Ertzaintzak istiluen kontrako materiala erabili du, eta gazte bat zauritu duela jakinarazi du Tolosako Atariak. 16 urteko gazte billabonatar bat dela jakinarazi du Naiz-ek.

Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok ondorengoa adierazi du sare sozialetan: "Jakin berri dut bart Ertzaintzaren karga bat eman dela Alde Zaharrean eta gutxienez gazte bat larri zauritua dagoela pilotakada bat jaso eta gero. Gertatutakoa argitzea eskatu dugu, jendez lepo baitzen inguru hori. Zauritutako gaztea azkar senda dadin espero dugu."

Ertzaintzak adierazi du prebentziozko neurri gisa ofiziozko ikerketa abiatuko duela. Horrez gain, dagokion auzitegiko mediku bati eskatu diote ospitaleratutako gaztea ebaluatu eta lesioa zerk eragin dion zehazteko. Aldi berean, Ertzaintzak barne-ikerketa hasi du.

Tolosaldeako Kontseilu Sozialistak bideo hau igo du sareetara.