argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzaren joera arrazista salatu du Bizkaiko SOS Arrazakeriak
  • Ertzaintzaren joera arrazista frogatzen duten lekukotasunak hamaika dira, SOS Arrazakeria taldeak deitoratu duenaz. Hauetariko bat da Bilbon bizi den gazte magrebiar batek martxoaren 30ean jasandako eraso bortitza. Gehiegikeria horiek ikertzea eskatu du plataformak.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 04a

Ertzaintzaren gehiegikeri eta erasoek oinarri arrazista dutela gogor deitoratu du Bizkaiko SOS Arrazakeria taldeak. Bilbon bizi den gazte magrebiar bati martxoaren 30ean poliziak egindako eraso bortitza du plataformak azken adibidetzat. Eraso horri buruzko irakurketa plazaratu du SOS Arrazakeriak: "Arrazakeria instituzionala, zuriak ez diren pertsonak kontrolatzeko, diskriminatzeko eta erasotzeko tresna dela agerian geratzen da".

Hori horrela eta diskriminazio horiekin behin betikoz bukatzeko, "Ertzaintzaren barruan kontrola bermatzeko barne-mekanismoak aktibatzen jarraitzeko" eskaera luzatu du plataformak, gehiegikeriak ikertzeko galdea ere eginez.

Testuinguru horretan, komunikabide batzuek daukaten diskurtsoa eta analisia ere deitoratu du: "Komunikabide batzuek errepresio honi bermea ematen diote, albiste faltsuak, nahasiak eta "albistearekin" zerikusirik ez duten pertsonen argazkiak argitaratzen ari baitira, eta gorrotoaren diskurtsoa sustatu baino ez dute egiten".