argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzak Tolosan zauritutako gazteak “lente kristalinoa hautsita” dauka
  • Jon Pazosek, gaztearen aitak, esan du begian jasotako kolpeak “ondorioak” eragingo dizkiola, eta oraindik ezin diotela ebakuntza egin. Familiak salaketa jarri du akusazio partikularraren bidez.

Olaia L. Garaialde 2024ko otsailaren 15
Tolosako inauterietan Ertzaintzak jaurtitako gailuak 16 urteko gaztearen "lente kristalinoa" hautsi du. Argazkia: @IgorMeltxor.

Ospitalean dago oraindik eta froga medikoak egiten ari zaizkie Tolosako inauterietan Ertzaintzaren oldarraldiaren ondorioz zauritutako gazteari. Jon Pazosek, gaztearen aitak, Berria egunkariari jakinarazi dioenez gazteak “lente kristalinoa hautsita” dauka eta erretina askatua. Lente kristalinoa enfokatzeko eta argitasuna behar bezala jasotzeko garrantzitsua da. Hori dela eta “ondorioak” izanen ditu aurrerantzean.

Ostegunean ebakuntza egin behar zioten begian, baina medikuek atzeratzea erabaki dute berriz ere, oraindik puztuegia duelako. Froga mediko gehiago egingo dizkiote, eta horren arabera erabakiko dute ebakuntza noiz egin. Baliteke ostiralean egitea. Horrez gain, hamabost puntu eman dizkiote jaurtigaiak eragindako kolpean.

Astelehenen goizaldean, Tolosako inauterietan sortutako liskarretan zauritu zuten gaztea, eta hark esan zuen Ertzaintzaren foam jaurtigailu batek eragin ziola zauria. 2013. urtean Ertzaintzak gomazko pilotak erabiltzeari utzi, eta foam jaurtigailuengatik ordezkatu zituen. Halere, jaurtigailu horiek ere kalte larriak eragin ditzakete.

Familia, epaitegira

Familiak iragarri duenez, Tolosako epaile batek ikerketa abiatu du ofizioz eta familiak akusazio partikularra jarri du. Horrez gain, Joseba Erkorekak, Eusko Jaurlaritzako sailburuak esan zuen atzo “bere kabuz eta gardentasunez” eman zuela istiluen berri Ertzaintzak eta ikerketa abiatu duela.

Gazteari eragindako ondorioak salatzeko mobilizazioak egin dituzte azken egunetan, eta larunbatean berriz, 12:00etan, elkarretaratzea egingo dute Tolosako Triangelu plazan.