argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzako sindikatuei “proposamen hobea” egingo die Jaurlaritzak
  • Ahots-tonu gogorrean hitz egin du Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarreko ganbaran; kritikatu egin du ertzain talde asindikalak "egoera baldintzatu" nahi izatea. Gogorarazi du herritarren batezbestekoa baino 10.000 euro gehiago irabazten dituztela ertzainek.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko ekainaren 16a

Eusko Legebiltzarreko ostiraleko kontrol saioan, Elkarrekin Podemos-IU koalizioak izan ezik, oposizioko beste alderdi guztiek galdetuko diote Iñigo Urkullu lehendakariari Ertzaintzaren gatazka egoeraren inguruan. Ohi baino ahots-tonu altuagoan hitz egin du gaiaren inguruan.

"Langile guztiek dute eskubidea lan-baldintza hobeak exijitzeko; orain, hori bai, herritarren bizitza baldintzatzea, tranbiaren zirkulazioa moztu eta trafiko arazoak sorraraztea, ez dator bat Ertzaintzaren printzipioekin", nabarmendu du Urkullu lehendakariak PPren galderari erantzunez.

Alderdi Popularraren arabera, Jaurlaritzak "entzungor" egiten die ertzainen aldarrikapenei; haien "lan-baldintza hobeak" eskatu ditu. Voxek, berriz, "ertzain gutxiegi" daudela azpimarratu du, eta lan-deialdiak handitzeko exijitu, "herri honen segurtasuna bermatzeko batzuen mehatxuen aurrean". Aipaturiko bi alderdiek deitoratu egin dituzte Ertzaintzako buruaren hitzak –etxe barruan "arazoak" zituela esan zuen–.

Eskaera "errealak"

"Errealismo" printzipioa aldarrikatu du lehendakariak, eskaerek "errealak" izan behar dutela iradokita. Errepikatu du aste honetan Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak idatziz jakinarazitakoa, ertzainen soldatak %17 igo direla azken hamar urteetan, eta karrera profesionalean %10eko igoera adostu dutela aurtengo urterako. "Orain, hilean 1.100 euro gehiago eskatzen dituzte. Zilegi da eskatzea, baina errealismoaren printzipioa galdu gabe".

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuaren baimenarekin –Erkoreka ez zegoen presente ganberan, saileko bilera bat zuelako–, Urkulluk aurreratu du datorren asterako deitu dituela sindikatuak mahaiaren bueltan biltzera. Orain artekoarekin alderatuta, "proposamen hobea" eramango du Segurtasun sailak.

EH Bildu: "Eskuin muturreko jarrerak ikusten ari gara Ertzaintzan"

Julen Arzuaga legebiltzarkideak ere interpelatu du Urkullu lehendakaria gaiaren inguruan, baina PPren eta Vox-en aldean, apalago. Urkulluren lehen hitzak bide horretan heldu dira: "Eskerrik asko erabilitako tonuagatik; ni ere neure ohiko tonura itzuliko naiz".

EH Bilduk salatu egin ditu Ertzainak Borrokan plataforman protestan ari direnen jarrera, "xantaia" egiten ari direlakoan, eta haien "hizkera belikoa" ere bai. "Zalantzak ditut ea Ertzaintzaren misioa ondo ari garen betetzen", nabarmendu du Arzuagak, eta nolabait ere eskua luzatu dio Urkulluri polizia-ereduaz pentsatzen jartzeko. Lehendakariak, dena den, ez du halakorik onartu: "Zuek inoiz ez diozue begirunerik izan Ertzaintzari".