Ertzaintzako bigarren sindikatuak gogor ekin dio Xabier Lapitz kazetariaren aurka, bere aburuz hark En Jake saioa eta bere Twitter kontua erabiltzen dituelako Ertzaintza eta ertzainak iraindu, eta haien aurka mespretxuz aritzeko.
Ertzaintzan %32 ordezkaritza duen sindikatuaren arabera, ez da bidezkoa kazetariak hedabide publiko bat erabiltzea Ertzaintza moduko instituzio bati eraso egiteko, hain zuzen ere "2022ko Deustobarometroaren arabera, Ertzaintzak 5,1eko konfiantza maila lortu duenean, bakarrik unibertsitateak gainditzen duena, eta beste instituzio batzuen oso gainetik, hala nola, Eusko Jaurlaritza bera, diputazioak edota Europako Legebiltzarra".
"Euskal Telebista Publikoko aurkezle honek eta bere mahaiko tertuliakideren batek mespretxu handia erakusten dute herritarrek horren ondo baloratzen duten entitatearekin, eta horregatik guztiagatik ez da ulergarria nola uzten dioten lanpostu horretan jarraitzea”. Eusko Jaurlaritzako Irekia webgunean irakurri daiteke osorik Esan-eko testua.
Xabier Lapitzek salatu du, halaber, batez ere anonimoki ari diren ertzainen aldetik Twitterren jasaten ari den erasoaldia. Adierazi berri duenez, ostegun honetan bertan kalez jantzitako ertzain bati aurre egin behar izan dio: “Ertzain honek kalean mehatxatu nau. Argazki bat ateratzera joan nintzenean, korrika hasi da. Lotsa”, dio kazetariak txio batean.
Beheko txio hauetan ikus daiteke bai osteguneko gertakizuna, eta baita Lapitzek beste anonimo bati emandako erantzuna ere.
Este ertzaina me acaba de amenzar en la calle. Cuando le he ido a sacar una foto ha empezado a correr. Vergúenza. Ertzain honek kalean mehatxatu nau. Argazki bat ateratzera joan nintzenean, korrika hasi da. Lotsa. pic.twitter.com/UQdHDkbd5x
— Xabier Lapitz (@Xlapitz) June 29, 2023
En esta mierda andan. Egia esateko denbora libre dekote. https://t.co/2tEWzRhcAD
— Xabier Lapitz (@Xlapitz) June 28, 2023
Lapitz aspalditik ari da egiten Ertzaintzaren polizia ereduari buruzko hausnarketak, eta Deia egunkarian idatzitako zutabean aldarrikatzen du eredu hori Eusko Legebiltzarrak finkatu behar duela eta ez sindikatuek: "Uste dut ez dela gaitza ulertzea zein polizia nahi duen gizartearen gehiengoak. Eta sumatzen dut polizia sindikatuek ez dutela hori ulertu. Eta ulertu badute ez zaie gustatu, horrek beste lan ahalegin bat eskatzen duelako, orain arte egindakotik desberdina".
Halaber, Ertzaintzan sor daitezkeen espazio ilunez ohartarazten du kazetariak artikulu berean: "[Ertzainek] Urte hauetan guztietan egindako lanagatik eta mehatxatuak izateagatik badute aitortza soziala, baina horrek ez die ematen inpunitate espazioak izateko eskubiderik. Zulo beltzak sortzen ari dira, eta beharrezkoa da horiek argitzea".
Esan sindikatuak, esate baterako, 2013an Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi zituen gomazko pilotak kale istiluetan berriz erabiltzea aldarrikatu izan du.