argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzako buruek dimisioarekin mehatxatu dute Segurtasun Saila
  • Ertzaintzako 160 buruetako 140k bat egin dute beren ezinegona adierazteko arduradun politikoei. Berehalako bilera bat eskatu dute Estefania Beltran de Heredia Segurtasun Saileko buruarekin, Eldiario.es-ek jakitera eman duenez. Eskatu dituzten neurrien artean, ardura karguen berrikuspen bat egitea dago. Epe laburrera konpromisorik ez  badago, “dimisio orokortuaren aukera” aztertu dutela ohartarazi dute.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 14a
Ertzaintzako motor-gidari baten kaskoa.

Ertzaintzaren baitan tentsioa haserrea sorrarazi dute Segurtasun Sailak hartutako hainbat erabakik; 2011, 2012, 2013, 2014 urteetako ertzainen dietak —1,5 milioi euro inguru— Ogasunean erregularizatzeko erabakia iragarri zuen duela hamar hilabete. Horren trukean, soldatak igoko zizkietela iragarri zuen Sailak; baina oraindik ez da igoerarik iritsi. Bestalde, “antolakuntza kaotikoa” eta baliabide materialekin dauden arazo ugariengatik Giza Baliabideetako arduradunaren kargu gabetzea eskatu dute

Eldiario.es-ek jakin duenez, iazko apirilean eta otsailaren 7an bildu ziren Iurretako polizia-etxean. Ertzaintzako buruek presio egiteko zenbait neurri hartu dituzte: telefono eta posta elektronikoari ez erantzutea lan orduetatik kanpo; ez egitea Giza Baliabideei dagozkien jarduerarik, edota ez gauzatzea ordezkaritza jarduerarik instituzio eta eragile sozialen aurrean.