argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzak Tolosako inauterietan eginiko esku-hartzea babestu dute EAJk eta Segurtasun Sailak
  • Poliziaren esku-hartze "neurrigabea" salatzen duen mozioa onartu du Villabona-Amasako Udalak, Xuhar Herri Plataformak proposatuta. EAJ eta PSE kontra agertu dira, eta EH Bildu alde. EAJren arabera, "Xuhar ez zen tirokatua izan”. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Barne Arazoetarako Unitatearen ikerketaren arabera, foam jaurtigaiak errebotez kolpatu zuen Villabonako gaztea eta Ertzaintzak protokoloa "bete" zuen.

Olaia L. Garaialde 2024ko otsailaren 29a
Amasa-Villabonako Udaleko osoko bilkuran mozioaren bozkaketa. Argazkia: ataria.eus

Tolosako (Gipuzkoa) inauterietan Ertzaintzak izandako jarrera aztertzen ari da Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Barne Arazoetarako Unitatea. Diario Vasco egunkariak argitara eman duenez, ikerketak dio foam jaurtigaiak gazte bat besoan kolpatu, eta errebotez kolpatu zuela Villabonako (Gipuzkoa) gaztea.

Ikerketaren arabera, gaztea begian kolpatu zuen armarekin lau tiro bota zituen ertzain batek, eta protokoloa “bete” zuen, 50 metro baino gehiagoko distantziatik egin zuelako tiro eta gorputzaren beheko ataletan kolpatu zuelako. Ikerketarekin jarraitzeko, gertakariaren eguneko bideoak eskatu dituzte. Villabonako gazteaz gain, beste bi gazte zauritu zituen Ertzaintzak, eta hori ere ikertzen ari dira.

Gazteak begian jasotako kolpearengatik, ebakuntza bat egin diote begian, eta “ondorio atzeraezinak” izanen ditu. Lente kristalinoa apurtu ziotenez, ez du ikusmena guztiz berreskuratuko. Esku hartze polizial “neurrigabea” salatzeko Xuhar Herri Plataformak mozio bat aurkeztu du Amasa-Villabonako Udalean (Gipuzkoa). EAJ eta PSE alderdiko zinekotziek kontra egin dute, eta EH Bildukoek alde. Mozioak eskatzen du argitzea zergatik jardun zuen Ertzaintzak horrela, eta erantzukizunez jokatzea. 

Jon Pazos, Villabona gaztearearen aita, Villabona-Amasako Udalean. Argazkia: Aiurri

EAJ:  “Xuhar ez zen tirokatua izan” 

Mozioaren bidez, plataformak salatu du poliziaren jokabidea “neurrigabea” eta “gehiegizkoa” izan zela. Baina, EAJko Arantzazu Rojoren arabera, “Xuhar ez zen tirokatua izan”, eta ezin da ebatzi Ertzaintzaren karga “neurrigabea” edo “desegokia” izan zen. Gaineratu du poliziaren esku-hartzea “beharrezkoa” zela, eta ikerketaren emaitzak jakin arte ezin dela baloratu egoki jokatu zuen edo ez.

Udaletxera bertaratu diren herritarrek, gasteak eta gaztearen aitak, Jon Pazosek, “lotsa” eragiten dutela leporatu diete ezezkoa eman duten zinegotziei. 

EH Bilduk, aldiz, “elkartasun osoa” adierazi dio gazteari eta nabarmendu du Ertzaintzaren “jarrera bortitzak” gehiagotan eragin izan dituela antzeko ondorioak. Adibidez, Remi Aiestaran aipatu dute, 2009. urtean Ertzaintzarekin izandako istiluen ostean bihotzekoak jota hil zen alkateordea: “Argi dugu Ertzaintzak ez balu bortitz jokatu, Remi ez zela egun hartan hilko”.