Lehen aldiz erabili du pistola elektriko bat Ertzaintzak, Arabako hiriburuan. Autopsien emaitzen arabera, 2000 eta 2017 bitartean 1.000 pertsona hil ziren ‘taser’ pistolen inpaktuen ondorioz.
Ertzaintzaren Berehalako Erantzunerako Patruila Zerbitzuak berau erabiltzeko baimena jaso zuenetik, lehen aldiz erabili du Ertzaintzak ‘taser’ pistola bat. El Correo egunkariak jakitera eman duenez, estreinaldia pasa den asteburuan egin zuten, Arabako hiriburuan.
‘Taser’ pistolen erabilera 2017ko martxoan baimendu zen, ez polemikarik gabe, ulergarria den moduan. Izan ere, ‘taser’ edo pistola elektrikoak iragan beltza ezkutatzen du, ehunka pertsonari bizitza kendu dion arma baita. Fabrikatzen duen enpresak ematen dio izena pistolari: Taser International Inc., zeinak onartu duen heriotza eragiteko %0,25 inguruko arriskua duela, halako pistola baten inpaktua jasotzen duten 400 pertsonatik bat, alegia.
Reuters agentziaren arabera, 2000 eta 2017 arteko autopsien emaitzak behatuz gero, ‘taser’ pistolekin lotura daukaten 1.000 heriotza zenbatu ditzakegu. Heriotza horietatik, 153 kasutan pistola elektrikoa heriotzaren eragile edo honen faktore lagungarria izan zela dago zehazturik. Hildako hamar pertsonatik bederatzi desarmaturik zeuden inpaktua jaso zutenean, eta lautik batek arazo psikikoak edo neurologikoak pairatzen zituen.
AEBetako Bihotzaren Elkarteak pistola hauek eragindako hainbat heriotza ziurtatu ditu. Era berean, Indianako Unibertsitateko (AEB) Douglas Zipes doktorea eta beste zenbait mediku eta irakasle ezagun bat datoz: pistola elektrikoen inpaktuak geldialdi kardiakoa eragin dezake. Bereziki pertsona zaurgarrienei eragiten die: adin txikikoak, zaharrak edota bihotzeko gaixotasunak dituztenak, besteak beste.
2014an, polizia-agente bulgariarrek egindako ‘taser’ pistolen erabilera desegokiaren ondorioz, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ‘Anzhelo c. Bulgaria’ kasuan Bulgariak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 3. artikulua (torturaren debekua) urratu zuela ebatzi zuen.
Epaian, Auzitegiak Torturaren Prebentziorako Europako Batzordea aipatzen du, eta honek dio ‘taser’ pistolen erabilerak atea zabal diezaiekeela poliziaren partetik eman daitezkeen neurriz kanpoko erantzunei. Torturaren kontrako Nazio Batuen Batzordeak adierazi du, dagoeneko, Portugaleko polizia-gorpuak pistola hauek erabiltzearen kontra dagoela.