argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzak sexu-joeragatik ez zituen hartu hauta-proba gainditua zuten bi kide
  • Administrazioarekiko Auzien Gasteizko 3. Epaitegiaren epaiak dio Ertzaintzaren aldetik "sexu-joeragatiko zeharkako diskriminazioa" egon zela XXVII. promozioko hautaketa-prozesuan eta prestakuntza ikastaroa gainditu zuten bi pertsonari "behin-behineko lanpostua esleitu" behar diela, "ukatu zitzaien praktikaldia egin dezaten".

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 18a

ELA sindikatuak salatu duenez, duela bi urte Akademiako zuzendariari jakinarazi zion "oso gertaera larriak jazotzen ari zirela XXVII. promozioa gainditu zuten ikasleen prestakuntza prozesuan. Eta, zuzendu ezean, gerta zitezkeela zuzenean zein zeharka genero, sexu-aniztasun, jatorri edo beste mota bateko bereizkeriak". Hautaketa-prozesu osoa arrakastaz gainditu zuten bi hautagaiak ez egokitzat jo zituzten; zehazki, soziograman.

Hiru aldiz emakume gehiago baztertu zituen hautaketa metodoa

ELAk azaldu XXVII. prestakuntza aldiko ebaluazio probetan "gizonezkoak baino hiru aldiz emakume gehiago baztertu zirela erabilitako bereizkeria metodoengatik". Eusko Jaurlaritzari eskatu zion hautaketa prozesuan gertatutakoa ikertu zezala, eta, jarduera larri horiek berrestuz gero, egon zitezkeen erantzukizun guztiak argitu, eta konponbideak bilatu behar zirela; "behin betiko halako praktikak Akademiatik desagerrarazteko". Sindikatuak adierazi duenez, "ez Eusko Jaurlaritzak, ez Akademiako buruek ez zuten ezer egin, eta desegokitzat jotako bi hautagaiek bide judizialari ekin zioten".

Hautaketa-prozesutik "soziograma" desagertzea eskatu du ELAk

Epai hau iritsi ostean, zer eskatu dio sindikatuak Jaurlaritzari: Epaia berehala betetzea; ebaluazio-zerbitzuaren arduradunak kargua berehala utzi dezala. Eta hautaketa-prozesutik soziograma desager dadila: "Ezkutuko Anaia Handia baino ez da, hautagaien arteko bazterketa bultzatu eta saritzen duena korporatibismoa eta lankideen arteko mesfidantza, eta, ekarri ditzakeena generoagatik, sexuagatik, jatorri politikoagatik eta abarrengatik gerta daitezkeen diskriminazioak".