Hala Bedi irratiko Mikel Saenz de Buruaga kazetariari "Herritarren Segurtasun Legea" (Mozal Legea izenez ezaguna) aplikatu zioten Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak, 2017ko maiatzean Errekaleorren polizia operazioa grabatu izanagatik. Alegazioetarako bide administratibo guztiak agortu ostean, Hala Bedik 2018ko apirilean iragarri zuen auzitegitara joko zuela, "informatzeko eskubideari eginiko erasoa delako". Apirilaren 2an izango da epaiketa, eta Hala Bedik elkarretaratzea deitu du Gasteizko epaitegiaren atarian, 11:30ean.
Eusko Jaurlaritzako Industria sailaren aginduz Errekaleor auzoari argindarra moztu zion Iberdrolak 2017ko maiatzaren 18an. Herritarrek erresistentzia baketsuz egin zioten aurre Ertzaintzaren polizia operazioari eta bertatik informatzen aritu ziren Hala Bedi irratiko bi kazetari (hemen ikus daiteke egun horretan egin zuten lan osoa). Mikel Saenz de Buruaga kazetaria bere lana egiten ari zela, erasotu egin zuen ertzain batek eta mugikorra txikitu zion. Gainera, kazetariari zigorra ezarri zioten ertzainek egunean bertan.
602 euroko isuna "autoritateari desobedientzia edo erresistentziagatik"
2017ko uztailean Eusko Jaurlaritzaren jakinarazpen bat jaso zuen kazetariak, Mozal Legea urratu izanagatik. Mozal Legea aplikatzeko oinarria "Ertzaintzak eginiko txosten faltsu bat" dela adierazi du Hala Bedik eta Eusko Jaurlaritzari kritika gogorra egin dio, "eskubide zibil eta politikoak urratzen dituen lege injustu bat aplikatzeagatik, Eusko Legebiltzarrak ez aplikatzeko konpromisoa hartu zuenean". "Muntaia polizialari babes instituzionala" eman izana ere egotzi dio. "Nola da posible txostenetan ez agertzea kazetaria dela, berak kazetari txartela erakutsi zuenean?". "Inongo momentutan ez zion ertzainak jarrera desegokiagatik kargurik hartu kazetariari" adierazi du Hala Bedik kasu honi buruz idatzi duten albistean.
Isunaren aurrean, Hala Bediko asanbladak erabaki zuen berau desobeditzea, ez ordaintzea, eta behar beste errekurtso jartzea, "lege hau injustua delako, eta egotzitako gertaerak faltsuak direlako".
Alegazioen prozedura administratiboa agortuta
Sei jakinarazpen ofizial eta bost errekurtsoren ostean, martxoaren 28an Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak kazetariari jakinarazi dio ebazpena, zeinak isuna berresten duen. Bidea "kafkiarra" hitzez definitu du Hala Bedik. Defentsa eskubidea urratu zaiola dio irratiak, aurkeztutako frogak ez direlako kontuan hartu, ezta ikusentzunezko materiala edo ertzaintzaren bertsioa auzitan jarri duten lekuko zuzenen testigantzak ere. Hala Bedik salatu du "espedienteak ez dituela akreditatzen zigortu nahi dituen ekintzak. Segurtasun saila iristen da ukatzera Saenz de Buruagak kazetari txartela erakutsi zuela, eta hau itzela da, ertzainen barne komunikazioetan ere agertu beharko luke", izan ere, Hala Bediren albistearen arabera, kazetari txartela eta NANa biak batera eraman zizkioten ertzainek tarte batez.
Honen guztiaren aurrean, konzentrazioa deitu du Hala Bedik epaitegiaren aurrean, eta bere funtzioa berretsi du: "Gure lana egiten jarraituko dugu, hori da injustizia honen aurreko gure desobedinetzia ekintzarik handiena. Ez gara isilduko, mozalik ez. Gugatik, guztiongatik".