argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzak Lurraldebuseko autobus gidariak prestatuko ditu eraso matxisten aurrean
  • Azahara Domínguez Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Antolamendu Saileko diputatuak iragarri du, Jabier Zabaleta Ertzaintzaren buruarekin bildu ostean. Besteak beste, sexu erasoei aurre egiteko baliabideak eskainiko dizkiete, biktimak "azkarrago artatzeko aukera" izateko.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko otsailaren 12a
Akordioan parte hartu duten ordezkarien argazkia Gipuzkoako Foru Aldundia

Azahara Dominguezek azpimarratu du protokoloa ez dela soilik "prebentziorako" erabiliko, baizik "plan integrala" den heinean, emakumeen kontrako biolentzia ematen den unetan "egoera konpontzeko tresnak" sortzeko helburua duela. Protokoloak egoera horietan "aplikatu beharreko erantzunen markoa" sortzen duela dio, eta horrela biktimak "azkarrago artatzeko aukera" dagoela. Protokoloaz gain, disuasio-mezuen presentziaren beharrari eman diote garrantzia, baita sentsibilizazio-kanpainak egiteko beharrari ere.

Naizek egindako albistean jasotzen duenez, akordioko parte hartzaileak izan dira, Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Antolamendu saileko diputatuaz eta Jabier Zabaleta Ertzaintzaren buruaz gain, Xabier Peña, Iñigo Bengoetxea eta Javier Garagaza izan ziren; hurrenez hurren, Urola Kostako ertzain-etxeko nagusia eta Ertzaintzako genero-indarkeriako prozesuko taldeko kidea, Gipuzkoako Mikeleteen burua eta Gipuzkoako udaltzaingoen koordinatzailea.

Feministen kritikak polizien tratu desegokiaz

Antolakunde feministek denbora daramate salatzen segurtasun indarrek biktimak artatzeko erabiltzen duten tratu desegokia. ARGIAk jaso izan duenez, esaterako, hiru ertzainei arau-hausteen ondorioz zigorrak ezarri izan dizkiete. Haietako bat arau-hauste larritzat hartu zen eta gainontzeko biak leuntzat.

Basauriko kasuan, larrienean, ertzainen etengabeko oztopoak aipatzen ziren. Ondorioz bertako talde feministak protestak antolatu zituen eta Ertzaintza barkamena eskatzera behartua izan zen. Arau-hauste leunen kasuetako batean, biktimak "lesio fisikorik" ez zuela esan zuen Ertzaintzak, bere senideei komentario desegokiak egitearekin batera. Beste arau-hauste leunaren kasuan, ertzainak zuzeneko arreta eskainiko ez ziola esan zion eta bere salaketa beste egun baten gauzatuko zuela esan zion.