argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzak lagun bat atxilotu eta bi identifikatu ditu MTVren aurkako kalejiran
  • Ostegun iluntzean, Bilboko Alde Zaharrean egin zen Piztu Bilbo Itzali MTVren kalejiran Ertzaintzak pertsona bat atxilotu eta bi lagun identifikatu zituen.

Uriola.eus @uriolaeus 2018ko azaroaren 05a
( Argazkia: @enekoander)

Piztu Bilbo Itzali MTV plataformak kalejira antolatu zuen ostegunean Alde Zaharrean MTVk sustatzen dituen baloreen aurka. Kalejira Arraiga plazaren aurrean bukatu zen. Bertan, MTVren ekitaldia zegoen. Plataformak adierazi duenez: "Arriaga Antzokian euskal kultura zapuzten dituen kultur balore hegemonikoak sustatzen dituen MTVko kontzertuak burutzen ari zirela, Alde Zaharretik abiaturiko kalejira bertara heldu zen."

Azaldu dutenez, Arriaga Plazan zeuden segurtasun pribatu eta ertzainek kalejirako partaideen kontra eraso zuten. Ondorioz bi pertsona identifikatu eta lagun bat atxilo eroan zuten beraien kontrako ustezko erasoen aitzakipean. 

Gertatutako salatzeaz gain, plataformak "MTVak gure kaleak militarizatzea ekarri duela salatu nahi du". Izan ere, azkeneko egun hauetan, Bilboko kaleetan ohikoa ez den presentzia poliziala ikusten da. Aste Nagusian gertatu zen bezala, azken aldian jende ugari biltzen diren lekuetan Ertzaintzaren eta udaltzainen presentzia areagotzen da.

Piztu Bilbo Itzali MTV plataformak azaldu duenez: "ixilik eta menpeko nahi gaituen botere ekonomiko eta politikoaren aurrean, kaleak hartu eta auzoen, elkartasunean oinarituriko hartu emanen zein feminismoaren gainean eraikitako hiri eredua eraikitzera goaz".

Albiste hau Uriola.eus-ek argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta.