Eusko Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak arbuiatzen duten Mozal Legea 3.959 aldiz aplikatu du Ertzaintzak 2015eko uztailetik aurtengo martxora arte. Jaurlaritzako Barne Saileko buru Diez de Herediak eman ditu datuak. Legearen artikulu kritikatuak aplikatuz –oinarrizko eskubideak urratzen dituztenak– ehunka isun ezarri ditu Ertzaintzak. Batez beste 61 zigor astean.
Miren Gallastegi Alderdi Sozialistako parlamentariak maiatzaren 31n Segurtasun sailburuari egindako galderari erantzunez, Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako datuek agerian utzi dute Mozal Legea normaltasun osoz erabili eta aplikatu duela Ertzaintzak. Egun PP bakarrik babesten duen legea indarrean sartu zenetik –2015eko uztailaren hasiera– 2016ko martxora bitartean 3.959 aldiz erabili du Ertzaintzak; 2015ean 2.719 isun eta 2016ko lehen hiru hilabeteetan 1.240.
Herrialdeka banatuta, Bizkaia izan da isun gehien bildu dituen lurraldea: 1.907. Araban 1.613 izan dira Ertzaintzaren zigorrak eta Gipuzkoan 439. Bereziki aipagarria dira Arabako datuak, isunen proportzioa oso gainetik dago gainerako herrialdeen populazioarekin alderatuta.
2.973 isun legearen urratze larriak izan dira, 601 eta 30.000 euro arteko zigorra dutenak eta urratze arinak, aldiz, 986 izan dira, 100 eta 600 eurokoak.
Datu hauetatik kanpo geratuko lirateke udaltzainek eta Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak jarritako isunak. Espainiako Barne Sailak emandako datuen arabera, 735 isun ezarri zituzten Espainiako poliziek EAEn 2015eko uztailetik 2016ko otsaila hasiera bitartean. Nafarroari dagokionez, Nafarroako Gobernuak oraingoz ez du daturik eman.
Oinarrizko eskubideak urratzen dituzten artikuluen erabilera zabala
Mozal Legeak arlo eta gai asko jorratzen ditu. Adibidez, material piroteknikoen erabilera edota drogen erabilera edo salerosketa ere arautzen ditu. Legez kanpoko drogen salerosketa eta kontsumoa zigortzen duen 36.16 artikulua da Ertzaintzak gehien erabili duena: 1.555 isun. Isun guztien herena baino gehiago. Halere, datuek argi uzten dute herritarren oinarrizko eskubideak urratzeagatik oso kritikatuak izan diren Mozal Legearen artikuluak ere erabili dituela Ertzaintzak:
- 672 zigor, Ertzaintzari “irain edo errespetu faltaz” zuzentzeagatik.
Mozal Legea oso kritikatua izan da artikuluen zehaztapen faltagatik eta horren erakusle 37.04 artikulua jarri dute. Zer den iraina edo errespetu falta, poliziak, herritarrari isuna ezartzen dion pertsona berak erabakitzen duelako eta legearen idazketa oso zabala denez, poliziaren interpretazioaren esku uzten duelako. Ezaguna izan da Facebook-en idatzitako iruzkin batean udaltzainei “cracks” eta “escaqueados” deitzeagatik, 600 euroko isuna ezarri zioten Tenerifeko gaztearen kasua.
- 476 zigor, Ertzaintzaren aginduei kasu ez egiteagatik.
Babesgabetasuna izan da Mozal Legeari egindako kritiken beste arrazoi nagusia. 36.06 artikuluak askatasun pertsonala eta intimitate eskubideak urratzen dituela salatu dute talde askok. Artikulu horrek poliziari edozein pertsona zigortzeko eskumena ematen dio herritarrak poliziaren edozein agindu eta identifikatzeko eskaera bete ezean. Desobedientzia baketsua zigortzeko espresuki sortutako artikulu bat dela salatu dute eta protesta baketsuak kriminalizatzeko bidea dela. Baina 36.06 artikuluaren erabilera zabalagoa egin du poliziak. Adibidez, Espainiako Estatuan zigortu duten bigarren kazetariari artikulu hori aplikatu diote. ARGIAko kasuaren ostean, Catalunya Radioko Mercè Alcocer kazetariari 601 euroko isuna jarri zioten Madrilen.
Berriki, Gipuzkoa Zutikeko kideen identifikazio bortitzen kasuek ere gai polemiko hau lehen lerrora ekarri dute. Izan ere, Mozal Legeak baimentzen du poliziek herritarrak 6 orduz komisaldegian atxikitzea identifikazio lanak egiteko.
- 392 zigor, ibilgailu, kontainer edo pneumatikoekin eremu publikoa oztopatzeagatik edo kalean desordenak sortzeagatik. 36.03 artikuluan oinarrituta.
- 79 zigor, 37.07 artikuluan oinarritu hartuta. Protesta gisa banketxeak edo erakunde publikoetako eraikinak okupatzea zigortzen duen artikulua da hau, baita kale saltzaileen lana (top manta) ere.
- 47 zigor, edozein funtzionario publikoren jarduna oztopatzeagatik.
Mozal Legea ad hoc eginda izateagatik kritikatu dute. Hau da, M15 mugimenduaren berotan sortutako protesta eta komunikazio molde berriak espresuki zigortzeko legea izateagatik. 36.04 artikulua etxegabetzeen aurkako ekintzak zigortzeko baliogarria izan zaio poliziari.
Badira oso kritikatuak izan diren beste artikulu batzuen erabilera. Adibidez, kalean asanbladak egitea zigortzen duen 37.01 artikulua 32 aldiz erabili du Ertzaintzak. Eleak/Libre mugimenduak artikuluen arabera xehetu ditu datu guztiak: Mozal Legea EAE 2015-2016martxoa-Eleak.pdf