Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Elkarrekin Podemosi erantzunez, publiko egin ditu G7ko agintariek Biarritzen egin zuten bilerarekin lotuta EAEko Gobernuak egindako gastu polizialak. 344.000 baino gehiago kosta zitzaien Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrei goi-bilerako segurtasun dispositiboa.
Ertzaintzak 344.918,13 euro gastatu zituen abuztuan Biarritzen egindako G7ko goi-bilerarekin lotu antolatu zuen operazio berezian. IUko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkari Iñigo Martinezek eskatuta Legebiltzarrera bidalitako informazio ofizialean agertzen diren datuak dira. Zenbaki hori partziala da, Ertzaintzari dagokiona, beste polizia indar batzuek ere parte hartu baitzuten dispositiboan.
Hego Euskal Herriko zatian, esaterako, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak beren gain hartu zuten muga-kontrolaren eta Frantziarekiko koordinazioaren zati handiena, Ertzaintza ordena publikoaz eta trafikoaz arduratzen zen bitartean.
Legebiltzarrera bidalitako informazio laburrean, Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Herediak honako hau zehaztu du: "Aipatu beharreko lehen alderdia da hedapenaren helburua zela Euskadiko segurtasun publikoaren arriskuei erantzutea, goi-bilera horren aurka iragarritako protestek sor zitzaketenak".
Bistan denez, Jendarmeriak eta Frantziako Poliziak gidatu zuten Donald Trump eta munduko beste buruzagi batzuk bildu zituen hitzorduaren blindajea, baina Espainiako Barne Ministerioa ez zen motz geratu: 2.810 agente mobilizatu zituen Gipuzkoa eta Lapurdi artera, kostaldea eta beste gune estrategiko batzuk kontrolatzeko.
Ertzaintzari dagokionez 344.918,13 euroko kostua eduki du munduko agintarien bisitak, egun horietan libre zeuden agenteak mobilizatu zituztelako, batetik; eta zehaztu gabeko "baliabide teknologikoak" ordaintzeko, bestetik. Nahiz eta publikoki iragarri 4.000 ertzain mobilizatuta egongo zirela egun horietan, lanean ari ziren polizia guztien kopurua izan zen hori azkenean, eta ez G7aren operatiboa indartzeko berariaz deitu zirenena, aparteko orduak ordaintzeko gastatutako kopuruak erakusten duen bezala.