Salburuako futbol kantxetan polizia-operazio planifikatu bat egin zuen igandean Ertzaintzak, eta Gasteizko GKSk nahiz Gasteiz Antirrazista eragileek salatu dutenez, bertan zeuden pertsona ugari identifikatu, miatu eta kolpatu zituzten.
Auzoko gazte batzuek antolatu zuten futbol txapelketa batean "gazte-bandetako kideen presentzia posiblea" argudiatuta egin zuen sarekada Ertzaintzak: Gasteizko GKSk astearte iluntzean eginiko elkarretaratzean salatu zuenez, polizia operazioaren unean futbol kantxetan zeuden 44 pertsona atxiki, idenfitikatu, miatu edo kolpatu zituzten ertzainek.
Antolakundearen arabera, Ertzaintzaren sarekada "arrazakeria kasu argia" izan zen, eta ez zen "kasualitatea" izan txapelketan parte hartzen zeuden gehienak "pertsona arrazializatuak" izatea, Gasteizen etorkinen aurkako kriminalizazio kanpaina ugari egin baitira Gasteizko GKSren ustez.
Gasteiz Antirrazista dinamikak "sarekada arrazista" gisa deskribatu du igandean Salburuan egindakoa, eta gertakariaren harira argitaratutako idatzian Ertzaintzak "kirol kantxetan aurrera eramaten ari zen giroa zapuztu" zuela gaitzetsi dute, eta miaketak "arrazializatutako gazteei" zuzendu zitzaizkiela.
Salburua "auzo koloretsua" dela aldarrikatzeko, argazki jendetsua ostiralean
Salburua Burdinbide auzo elkartea ere Gasteizko GKS nahiz Gasteiz Antirrazista eragileei batu zaie Ertzaintzaren operazio "neurrigabea" salatzeko deietan. Auzo elkartearen ustez, gazteen ekimenak "aberasgarriak" dira eta komunitatea eraikitzen laguntzen dute. Iragarri dute Salburua den "auzo koloretsua" aldarrikatzeko argazki jendetsua egingo dutela otsailaren 21ean, ostiralean, arratsaldeko 17:30ean, auzoko Ekialdeko parkean.