argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzak Etxarri II gaztetxea hustu du Bilboko Errekalde auzoan
  • Iragarrita zegoen moduan, Bilboko Errekalde auzoko Etxarri II gaztetxea hustu du Ertzaintzak 9.00etan abiarazi duen operazioarekin. Arratsaldean protesta manifestazioa egingo dute auzoan, 19:00etan Amezolako tren geltokitik abiatuta.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko apirilaren 04a
Ostiral goizean gauzatu da hustuketa Gedar

Ostiral goizerako zegoen iragarrita Etxarri II gaztetxearen hustuketa, baina operazioa ostegun arratsaldean hasi zuen Ertzaintzak. Polizia indar ugarirekin bildu zen bertara eta gaztetxearen inguru osoa gau osoan kontrolpean izan du gaur goizean hustuketa agindua betetzeko.

Alboko eraikinetatik, iragarritako orduan sartu da Ertzaintza gaztetxera eta bertan, gaztetxearen defentsan ziharduen gazte taldea kanporatu du 10:00ak aldera. Ez da atxiloketarik izan. Barruan ziren gazteei sostengua adierazteko eta kanporatzea salatzeko dozenaka lagun bildu dira gaztetxearen inguruetan.

Ostegun arratsaldean manifestazioa egin zen auzoan gaztetxeari sostengua adierazteko, eta manifestazioa gaztetxe ingurura hurbildu zenean, hura inguratuta zuten ertzainek manifestariei oldartu zitzaien. Ondoren istiluak egon ziren eta manifestariek barrikadak altxatu zituzten.

Sare Antifaxistak jakinarazi duenez, ertzaintzak sei lagun zauritu zituen. Gedar atariak zehaztu duenez, horietako bati urgentziaz ebaketa egin behar izan diote. Agerkariak dioenez, bost atxilotu ere izan ziren eta horietako lau askatu dituzte jada. Ertzaintzaren esanetan, halaber, lau ertzain ere zauritu zituzten istiluetan.

Kukutzatik Etxarrira

Errekalde auzoak gaztetxe tradizioa handia du eta lehenago ere horretara bideratutako eraikin ugari hustu ditu Ertzaintzak, horietatik esanguratsuena akaso 2011n hustu zuten Kukutza III eraikina. Orduan istilu handiak izan ziren auzoan eta milaka pertsona atera ziren kalera itxieraren aurka protestatzeko. 1996tik hasita, beste bi Kukutza ere hustu zituzten.

Etxarri II gaztetxe hustu berriko gazteek Bilboko Udala eta Amenabar eraikuntza enpresa egin dituzte ostiral honetako hustuketaren errudun. Orube horretan ehunka etxe eraikitzeko proiektua dagoela azaldu dute gazteek, baina horietako gutxi batzuk besterik ez direla Babes Ofizialeko Etxeak, eta gehienak luxuzkoak izango direla, milioi erdi eurotik gorakoak eta gazteentzat guztiz eskuraezinak.