argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzak EHUren San Mameseko campusa hustu eta 203 ikasle identifikatu ditu
  • San Mameseko campusean Herri Unibertsitatea egiten ari ziren ikasleek hutsarazte mehatxua jaso dute. Arriskuaren aurrean, teilatura igo dira eta han igaro dute asteazkenetik ostegunerako gaua. EHUk “arauak apurtzea” egotzi die.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko otsailaren 23a
Ikasleak fakultateko teilatuan. (Arg.: topatu.eus)

Hego Euskal Herriko campusetan Herri Unibertsitateak egiten ari dira astelehenetik. Asteazkenean San Mameseko campusean batu ziren, ekimen nazionala egiteko. EHUk gaztelania hutsez bidalitako komunikatu batean azaldu duenez, honako baldintzak ezarri zizkien aldez aurretik: “Espazioen eskaera nominala, ezarritako gelen erabilera, gaua igaro zezakeen pertsona kopurua eta sukaldeko materialen erabilera eza”. Bertaratutako ikasleek, berriz, lo egitera geratzea erabaki zuten.

 “Arauak hautsi dituzte”, adierazi du EHUk komunikatuan. Ondorioz, Ertzaintzaren eta Segurtasun Sailaren “laguntza” eskatu zutela azaldu dute, ikasleak instalazioetatik kanporatzeko. Hauek, hutsarazte arriskuaren aurrean fakultateko teilatura igo ziren. 203 lagun identifikatu dituzte.

Ikasleek “logika kapitalistarekin” lotu dute gertatutakoa: “Produkzio eredu honi ez zaio interesatzen Herri Unibertsitatean garatuko dugun jakintza ekoizpena barneratzea”. Nekane Balluerka errektoreak, aitzitik, “ondare publikoaren erabilera ez legitimo” bezala kalifikatu du, eta “eskubiderik ez dagoela” adierazi du.

LOMCEren aurkako mobilizazioa deitu du ostegun honetarako Ikasle Abertzaleak, “otsailaren 23an ikasleria mobilizatu, apurtu eta eraiki!” lelopean. “LOMCEren zein unibertsitate eredu kapitalistaren apurketa eta heziketa eredu berrien eraikuntza” aldarrikatzea dute xede.

Hutsaraztearen bideoa:

 

[Eguneraketa, 2017-02-23]

Nekane Balluerka EHUko errektoreak prentsaurrekoa eskaini du eguerdian asteazken gaueko gertaeren inguruan azalpenak emateko. Jakinarazi duenez, San Mames Campuseko eraikinean "gotortu" ziren ikasle talde batzuek "txikizio larriak" eragin zituzten eta unibertsitateak salaketa jarriko du.

Herri Unibertsitateko kideek ostegunean 19:30etan agerraldia egingo dute euren iritzia emateko.