argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzak Brasilen entrenamendu militarrak jaso dituela frogatzen duen dokumentu ofiziala, agerian
  • Rio de Janeiroko polizia militarreko eliteko kideekin entrenatu diren Espainiako Estatuko polizien zerrenda argitaratu du La Directa hedabideak. Ertzaintzako bi agente han izan ziren, trebakuntza militarra jasotzen giza eskubideak urratu izanagatik salaketa ugari jaso duen unitatearen eskutik.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 29a
Dokumentu ofizial honek frogatzen du bi ertzain Brasilen izan zirela entrenamendu militarra jasotzen. (Argazkia: La Directa)

La Directa hedabideak eskuratu duen dokumentuak frogatzen du 2018ko uztailean Espainiako Estatuko Polizia eta militar talde ugaritako 21 agentek bederatzi eguneko instrukzioa jaso zutela Brasilgo Polizia Operazio Berezietarako Batailoiaren eskutik (portugesezko sigletan BOPE).

Horien artean daude, besteak beste, sei Esquadra Mosso, Espainiako Lurreko Armadako sei kide –Operazio Berezietako taldeko hiru kide, bi soldadu eta sarjentu bat–, Itsas Armadako Infanteriako soldadu bat, bi udaltzain [ez du zehazten nongoak], bi ertzain, Espainiako Polizia Nazionaleko agente bat, aduana-zaintzako agente bat, udaltzaingoko inspektoreorde bat [ez du zehazten nongoa] eta [Bartzelonako] goardia urbano bat.

BOPEko kideak.

Barne-dokumentu bat da eta Espainiako armadako eta segurtasun-indarretako kideek atzerrirako teknika militarretan instrukzioa jasotzen dutela ziurtatzen du.

Honela deskribatzen du zer den BOPE La Directako Nil Ribot kazetariak: “BOPE Rio de Janeiroko faveletan izua eragiten duen erakundea da, eta han beraiek egin dituzten hilketak eta giza eskubideen urraketak Amnistia Internazionalak eta beste erakunde batzuek behin eta berriz salatu dituzte”.

BOPE batailoiaren ikurra beldurgarria da: bi pistola gurutze bat osatzen dute, horren gainean  garezur bat dago eta labana bat honi sartuta. Kide gehienak fededun ebanjelikoak dira, eta beren buruari “Kristoren garezurrak” deitzen diote, eta 2019ko urtarrilaz geroztik Brasilgo presidente Jaïr Bolsonaro ultraeskuindarraren garaipena bultzatu duen mugimenduaren parte dira. Gobernu aldaketaren aurretik, 13.387 lagun hil zituen Poliziak 2013 eta 2017 bitartean, Rio de Janeiro estatuan bakarrik. Favelen aurkako setioa areagotu egin da Bolsonaroren kordako gobernadore berria iritsi denetik, Winston Witzel epailea. "Narkotrafikoari aurre egiteko" frankotiratzaileak eta metrailadorez hornitutako droneak erabiltzea proposatu du.

Bideo honetan ikus daitezke BOPEko kideen entrenamenduak:

Bideo honetan ikus daitezke BOPE batailoiko kideen argazki batzuk:

Jarraian, Amnistia Internazionalak Brasilgo Poliziaren gehiegikeriaren aurka egindako spota:

La Directak publikatu duen dokumentuak BOPEko buru Marcelo de Castro Corbageren sinadura darama. De Castro prozesatu eta BOPEtik kanporatu zuten 2015ean, operatibo batean legez kanpo diru kopuru erraldoia lapurtu ziotelako Brasilgo narkotrafikatzaile-talde bati. Gerora, absolbitu egin zuten, Polizia erakundera itzuli zen, eta Rio de Janeiroko Udalak saritu egin zuen joan den ekainean.

Eliteko tropa honen gainean dabilen susmoetako bat da, ea zenbaterainoko parte-hartzea izan zuen Marielle Franco aktibista feministaren hilketan. Hainbat lekukok adierazi izan dute BOPEko polizia-ohi bat izan zela, 2018ko martxoaren 14an, ekintzaile soziala tiroz hil zuena, Espainiako polizia eta militarren bidaia baino lau hilabete lehenago.

Hau ez da Espainiako agenteek BOPErekin duten lehen hartu-emana. Sarean bilaketa bat egitea nahikoa da aurkitzeko beren uniforme militarretan Espainiako banderak dituzten poliziak BOPEren egoitzan ateratako argazkiak.

 

 

Espainiako militarrak Brasilgo BOPEren egoitzan.