argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzak Bilboko bizilagun bat modu ilegalean etxegabetu duela salatu dute
  • AZET Etxebizitza sindikatuak salatu duenez, elkartasuna adieraztera hurbildu ziren hiru kide identifikatu egin zituzten. Bilboko hainbat elkarte eta kolektibok salatu dute desalojo ilegalak "eguneroko ogia" direla.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 12a
Urtarrilean aurkeztu zuten "Desalojo ilegalik ez!" kanpaina, Aburto Bilboko alkateak San Francisco auzora egindako bisitan. (Argazkia: Ecuador Etxea)

Ostegun arratsaldean Ertzaintzak Bilboko Alde Zaharrean legez kanpoko etxegabetzea egin duela salatu du AZET Etxebizitza Sindikatuak. Agindu judizialik gabe agertu ziren ertzainak auzokide baten etxean, eta indarrez irtenarazi zuten bertatik. Gaineratu du elkartasuna adieraztera hurbildu ziren hiru kide identifikatu egin zituztela. 

Urtarrilean Desalojo ilegalei ez! kanpaina jarri zuten martxan Bilboko hainbat elkarte eta kolektibok: AZET Etxebizitza Sindikatuak, Sos Arrazakeria Bizkaiak, Atxuri Harrerak, Xake Espazioak, ODS Giza Eskubideen Bulegoak, Bilboko Okupazio Bulegoak, Bilbo Zaharreko Kultur Etxeak eta Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala Auzoen Koordinakundeak.

Salatu dute desalojo ilegalak "eguneroko ogia" direla Bilboko auzoetan, eta osteguneko etxegabetze horren adibidetzat jo dute: "Muturreko pobrezia eta interes kapitalistak etengabeko talkan daude gure auzoetan, eta etxe hutsen okupazioa biziraupenerako tresna bihurtu da auzokide askorentzat".