Espainiako Entzutegi Nazionalak Urtza Alkorta ondarrutarraren atxiloketa Polizia espainiarrari eta Goardia Zibilari agindu zien Garak gaur argitaratu duenez. Egunkari horrek eskuratutako dokumentuek erakusten dutenez, Ertzaintzak telefonoz bere burua eskaini zuen Alkorta atxilotzeko.
Fernando Grande Marlaska, Manuel Fernandez eta Ramon Saezek osatutako tribunalak ondorengoa agindu zuten, Garak argitaratzen duenez: "Urtza Alkorta Arrizabalaga bilatzeko, atxilotzeko eta kartzelan sartzeko dekretatzen da, 5 urte eta egun 1 bete ditzan behin betiko sententzian jasotzen den bezala, Poliziaren Zuzendaritza Orokorrari eta Guardia Zibilari orden hau betetzea dagokie".
Iñaki Iriondok sinatutako albistean jasotzen da, aipatu dokumentuan Ertzaintza aginduetatik kanpo geratzen dela, eta Alkortak publikoki herri harresia deitu zuenean, Ertzaintzak deitu egin zuela agindua beraiek beteko zutela adierazteko.
Idazkaritza judizialaren hitzak sartu dituzte, non irakur daitekeen ondorengoa: "Gaur Ertzaintzako funtzionarioekin izandako elkarrizketan telefono bidez komunikatu digute kondenatuta dagoen Urtza Alkorta Arrizabalagak show edo programa batean parte hartuko duela 12:00etan eta komisaldegian bere burua aurkezten ez badu bere aurka dagoen bilatze eta atxilotze agindua betez berau atxilotzea egingo dutela".
Ertzaintzak Urtza Alkorta Ondarroako AskeGunean atxilotu zuen. 500 bat pertsonak bere atxiloketa zaildu zuten zubi harresia eraikiz. 300 bat agente, 40 furgoneta, 2 zodiac eta helikoptero bat joan ziren Alkorta atxilotzera. Alkortak salatu zuen bere aurkako froga bakarra torturapean sinatutako paper bat zela.
EH Bilduko JHulen Arzuagak adierazi du Ertzaintzak aginduak bete behar dituela esatean, Estefania Beltran de Herediak "gezurra" esan zuela.
Hemen Alkortaren atxiloketaren uneak. Bideoa: Argia.
Informazio gehiago: