Etxegabetzearen aurka bertaratzeko deia egin dute Bilboko Etxebizitza Sindikatuak eta Uribe Kostako GKSk. Caixabankena da etxea.
Caixabank-ek pertsona bat etxegabetu du Erandion, Tartanga kaleko 8-J atarian. Bertaratzeko deia egin dute Bilboko Etxebizitza Sindikatuak eta Uribe Kostako GKSk. Hamarnaka pertsona gerturatu dira etxegabetzeari aurka egitera, eta Ertzaintza horien aurka oldartu da. 11:00etarako zegoen ezarrita etxegabetzea, eta 13:00ak aldera bota dute etxetik bizilaguna.
Goizean goizetik izan da Polizia atarian, eta segizio judiziala ere bertan da, Gedar-ek jaso duenez. Bilboko Kontseilu Sozialistak bideoan erakutsi duenez, etxera sartu dira eta barruan zeudenak indarrez atera dituzte.
Josebak, etxetik kanporatzeko arriskuan dagoen bizilagunak, bere egoera azaldu du bideoan. Duela bost urte sartu zen bost urte hutsik zeramatzan Caixabanken etxean. Ordutik bertan bizi izan da, eta hiru epaiketa izan ditu; aurreneko biak irabazi egin zituen, eta azkenekoa galdu. Erandioko Udaleko gizarte-laguntzaileak Sestaon gela bat eskaini zion, 1902ko eraikin batean zegoena, eta duela hilabete Europako Erkidegoak "eremu degradatu" izendatu duena. Etxe horretara joanez gero, ordaindu ezin bazuen etxegabetu egingo zutela azaldu zioten, eta hilabeteko aurrerapena eta asegurua eskatu zizkioten: "Azaldu nien ez neukala hainbeste diru".