20:45 Mikel Garcia ARGIAko kazetariak Kukutza indarkeriaz hustu izana salatzeko Donostiako Zinemaldian egindako elkarretaratzearen kronika idatzi du: Kukutza Zinemaldian. Twitterren jaio eta ertzainekin amaitu den elkarretaratzea.
19:12 Goizean atxilotutako gehienak aske daude (karguekin), eta gainerakoak ere gaur bertan askatuko dituztela esan du beraien abokatuetako batek
18:45 Unai Brea ARGIAko kazetariak egunean zehar Kukutza gaztetxearen inguruan bizi izandakoak jaso berri ditu bere blogean, Izua Errekalden artikuluan.
18:37 Ertzaintzaren karga manifestazioaren aurka.
18:27 Rodolfo Aresek esan du Ertzaintzaren interbentzioa "neurrikoa eta profesionala" izan dela. (Eitb.com)
18:05 Ertzaintzak geldiarazi egin du 17:00etarako deituta zegoen manifestazioa. Milaka lagun daude bertan; 5.000 inguru, Gara egunkariaren esanetan. Tentsioa berriz ere Errekalden.
16:40 Aresek 17:30ean emango ditu operatiboari buruzko azalpenak, Erandioko komisaldegitik.
16:15 Gaztehgam: "Suminduraz bizi dugu Errekalde auzoko gaztetxearen desalojoa, herri honen gazteria beharrezkoa duen eremu librea desalojatzearen erabaki instituzionala, herritarron kontrakoa, beste behin ere". (UKberri.net)
14:45 Gaurko gertaeren bideo eta argazkiak (La onduladora)
12:45 Ertzaintzak Kukutza hartu arren eraiste agindua bertan behera utzi du behin-behinekoz epaileak (UKberri.net), Errekaldeberriz auzo elkartearen eskaria onartuz. Bihar epaiketa azkarra egingo dute bota ala ez erabakitzeko.
12:40 Esperanto kalean Ertzaintza ehunka gazteren aurka kargatzen hasi da, gomazko pilotak jaurtiz.
12:30 Oraindik hainbat gazte dituzte atxilo gaztetxean. Talde txikietan ari dira kanpora ateratzen.
12:20 Gutxienez 25 lagun atxilotu dituzte, eta dozenaka zauritu. (Gara.net)
12:05 Gaztetxe barruan zeuden ertzainak atera dira. Material ugari atera dute. Kanpoan, dozenaka Ertzainek inguraturik dute gaztetxea, eta ezin da inor hurbildu. Arratsaldeko 17:00etan manifestazioa egingo da, Amtezola geltokitik abiatuta.
11:45 Giroa lasai antzean dago Gaztetxe inguruan, nahiz eta oraindik atxilotuak ateratzen ari diren. Kamioi batzuk adreiluak ekartzen ari dira. Litekeena da ate eta leihoak ixtea.
11:25 Juanjo Agirrezabalak (EA) "elkartasuna" adierazi die Kukutzako kideei, eta esan du "onartezina" dela elkarrizketa bidez konpondu ahal zitekeena indarkeriarekin konpontzen saiatzea. Bestalde, adierazi du Aresek eta Azkunak Legebiltzarrean azalpenak eman ditzaten eskatuko dutela.
Gehitu du 10:30ean prentsaurrekoa eman nahi zutela, batetik, Barne Sailari eskatzeko polizia-operazioa ez agintzeko; eta, bestetik, Kultura Sailari eskatzeko Kukutza ondare izendatzeko tramiteak hasteko.
11:15 Politikariek atzera buelta eman dute. Pergolan prentsaurrekoa emango dute.
11:10 Legebiltzarkide, Bizkaiko batzarkide eta Bilboko zinegotzi talde batek Ertzaintzari baimena eskatu dio Kukutza barrura sartzeko, baina ez dute lortu. Horien artean Mikel Arana (EB), Dani Maeztu (Aralar), Zuriñe Gaintza eta Aitor Torre (Bildu), eta Juanjo Agirrezabala (EA) daude.
10:55 Ertzainek gaztetxe barruan zeuden 25 lagunak atxilotu dituzte. Antza, atzeko ate batetik ateratzen ari dira gazte horiek. Kanpoan bildutako lagun mordoa haruntza doa. Orotara 50 lagun inguru atxilotu dituzte, eta 25 zauritu [konfirmatzeke]
10:45 Ertzainak gaztetxeko teilatuan daude. Kazetariak handik 100 metrora daude (ertzainek horietako batzuk identifikatu dituzte), eta gazteei babesa ematera joan diren herritarrak 200 metrora-edo.
10:40 Hustearen aurkako erresistentzian teilatuan dauden hogei pertsonetako batekin, Josu Kukutzako gazte asanbladako kidearekin hitz egin dugu. Azken orduko gertakizunak kontatu dizkigu Ertzaintza teilatura heltzear dela.
10:30 Gazteek prentsaurrekoa eten dute, Kukutzatik abixua pasa baitiete ertzainak azken pisura sartzear daudela. Prentsaurrekoan zeuden lagun denak Gaztetxera doaz. Beraiekin daude, besteak beste, Zuriñe Gaintza Bizkaiko batzarkidea eta Oskar Matute Alternatibako bozeramailea.
10:10 Pergolan emango dute prentsaurrekoa. 200 lagun inguru doaz, eta aurki parlamentari batzuk batuko zaizkiela azaldu digute, Bildu, Ezker Batua eta Aralarrekoak, baita Bizkaiko Gazteriaren Kontseiluko ordezkariren bat ere. Ertzaintzak Gordoniz kalea hartua du.
- Iñaki Karro Kukutzako gazteen abokatuaren adierazpenak (Tas Tas irratia)
10:00 Ametzola plazan eserialdia egin duen jendearen aurka kargatu dute ertzainek. Han bildutakoak dispertsatu ditu. Edukiontzi batzuk bidean gurutzatu dituzte eta horrek trafikoa oztopatu du.
Bien bitartean, ertzainak gaztetxe barruan daude, eta soilik azken pisua hustea falta zaie. Jende asko dago han.
- Argazki galeria (Bilboko Branka)
08:30 Goizeko 5:30 aldera joan dira ertzainak eta udaltzainak Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxera, eta han bilduta zegoen jendearen aurka kargatu du. Eitb.com-ek dioenez, gaztetxe barruan jendea dago oraindik. Udalak sinatutako eraisteko agindua betetzeko asmoz bertaratu dira ertzainak.
Gaztetxeko kideek prentsaurrekoa emango dute 10:00etan Ametzolako geltokian. 17:00etan, bestalde, manifestazioa abiatuko da leku beretik.