argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzak Getxoko Itzulbaltzeta III Gaztetxea hustu du
  • Gaztetxeko kideak udal-ordezkariekin bildu ziren astelehenean, eraikina desinfektatzeko protokoloa adostu asmoz, baina Getxoko Udala eraikina ixtearen alde agertu zen; bilera ostean udal-langileak saiatu ziren eraikina ixten, eta gauez Ertzaintza eraikinean sartu zen. Bileraren osteko jazoeren harira, Udala gaztetxea dagoen eraikina eraitsi nahian ari dela salatu dute gaztetxeko kideek.

Amaia Lekunberri Ansola 2020ko maiatzaren 12a
(Argazkia: Itzubaltzeta Gaztetxea)

Itzubaltzeta III Gaztetxeko kideek eman zuten gertaeren berri astelehen gauez. Adierazi zutenez, “inolako agindu judizialik gabe” sartu zen Ertzaintza gaztetxean, 22:00ak aldera. Astearte goizez egin dituzten adierazpenen bidez, poliziaren jarrera oldarkorra salatu dute gaztetxeko kideek, eta jakinarazi dute gutxienez hiru pertsona identifikatu zituztela ertzainak grabatzeagatik.

Egun tirabiratsuaren ondotik jazo zen astelehen gaueko poliziaren esku-hartzea, Ertzaintza eraikinera sartu baino ordu batzuk aurretik udal-langileak ere saiatuak baitziren sarraila aldatzen. Gaztetxeko kideek aurkitu zituzten egiteko horretan, udal-ordezkariekin izandako bileraren ostean.

Hiruka.eus-ek jasotzen duenez, koronabirusa dela-eta gaztetxea desinfektatzeko planteamendua egin zieten Itzubaltzetako kideek Getxoko Udaleko ordezkariei, eta asteleheneko bileran garbiketa hori gauzatzeko protokolo egokia zein litzatekeen galdegin zuten. Getxoko udal-ordezkariek erantzun zieten Udalari dagokiola bere jabetzakoak diren eraikinak desinfektatzea, eta gaztetxeak itxita jarrai dezan “egokitzat hartzen dituen neurriak” hartuko dituela.

Bileran jazotakoak tarteko, ondorioztatu daiteke Getxoko Udalak osasun egoeraz haragoko arrazoiak dituela Itzubaltzeta III itxita mantendu nahi izateko. Izan ere, udal-ordezkariek gazteei adierazi zieten ez zutela onartzen beren jarduerak udal-eraikin batean burutzen jarraitzeko proposamena, "ondasun publikoen eta ondare-ondasunen izaera bera arautzearen aurkakoa delako". Hori esanda, Udala beraiekin hitz egiteko prest agertu zen, “beti ere oinarrizko arauak errespetatzen” diren heinean. Itzubaltzetako kideek, beren aldetik, salatu dute bileran egiazko elkarrizketarik ez zela izan eta udal-ordezkariak lehen momentutik aritu zirela gaztetxean legez kanpo daudela esaten.

Bilera hori bukatuta abiatu ziren gaztetxera bertako kideak, eta han aurkitu zituzten udal-langileak, sarraila aldatzeko lanetan. Langileek gazteei esan zieten barrura sartu nahirik zebiltzala konponketa bat egiteko, baina esandakoa gezurtatu zuten gaztetxeko kideek, udalean eraikineko giltza egon badagoelako. Gertatzen ari zenaz ohartuta, hainbat lagun bertaratu ziren protesta egin asmoz; tarte motzean hainbat lagunek ez ezik, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ere hartu zituzten inguruak.

Ertzaintza gauez gaztetxean sartu zen momentuko grabaketan antzeman daitekeenez, hustea eman bitartean auzotarrek protesta egin zuten:

Gaztetxeko kideen irakurketa

Gertatutakoaren harira, astearte goizean adierazpenak egin dituzte Itzubaltzeta III Gaztetxeko kideek. Salatu dute Getxoko Udalaren nahia dela Itzubaltzeta III Gaztetxea hutsaraztea, Nagusien Etxea ixtea eta eraikina bera eraistea.

Azaldu dutenez, asteleheneko bilerarekin alde bien arteko elkarrizketa prozesua arindu eta eraikinaren desinfekziorako jarraibideak zehaztu nahi bazuten ere, udal-ordezkarien jarrera “ezkorrarekin” topo egin zuten. Gaztetxeko kideek izaera “ilegala” azpimarratuz, udaleko kideak gaztetxeko ordezkariei zilegitasuna kendu asmoz aritu zirela salatu dute, eta hori udalak elkarrizketarako zuen prestasun ezaren erakusletzat jo.

Azaldu duetenez, Itzubaltzeta III desinfektatzeko protokoloa adosteko asmorik agertu ez eta gaztetxea ixtearen alde agertu zen Udala. Horren aurrean, argi mintzatu dira: "Espainiar eta euskal gobernuetatik ezarri zaizkigun eskubide murrizketak onartu, eta instituzioen apeten neurriko desinfekzio bat burutzeko prest gaudela erakutsi arren, Getxoko Udal Gobernuak ez du osasun neurriez ezer jakin nahi izan, buruan Lope de Vega 12ren jabetza baino ez dute izan. Eurena eurena dela eta kito!".

Gaztetxearen hustea salatzeko, asteartean manifestazioa egingo dute Kresaltzu kaletik abiatuta, 21:00etan.