Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko zentro erlijiosoetan gertatutako hamahiru sexu abusuren inguruko datuak ari da biltzen Ertzaintza, El País-ek jakinarazi duenez. Hain justu, egunkari horrek osatutako 251 pederastia kasuren inguruko txostenean agertzen dira hamahiru horiek, Nafarroako beste bostekin batera.
Gipuzkoan gertatuak dira zazpi, Bizkaian bost eta Araban bat. El País-ek azaldu du ertzainak harremanetan jarri direla egunkariarekin, salaketen egoera juridikoaren inguruko informazioa biltzeko: data, lekua, preskribatu diren ala ez, biktimen eta biktimarioen identitatea... "Elizbarruti eta ordena erlijiosoekin harremanetan gaude", jakinarazi die Ertzaintzak El País-eko kazetariei, "baina informazioa eskatzea prozesu geldo eta konplikatua da, horregatik jo nahi dugu jatorrizko iturrira".
Euskal Herrian gertatutakoen testigantzak
Txostenean bildutako kasuren ingurukoak tantaz-tanta ari da argitaratzen El País. Euskal Herrian gertatutako biri helduko die. Aitorrek (asmatutako izena da) 1976an Errenteriako klaretarrenean bizitakoak kontatu ditu, eta José María Campos Regúlezek Bilboko Kristo Errege elizan bizitakoez hitz egingo du aurki.
Aitorren testigantza horrela hasten da: "[E.F.] euskara irakaslea zen [Bihotz Sakratua kolegioan]. Enrollatua zen, eta ikasitakoa sendotzeko klase partikularrak ematen zituen eskolaz kanpo. Egun batean, Errenteria kanpoaldean zeuzkan baratzea eta oiloak ikustera joan nahi ote nuen galdetu zidan. Land Rover bat zeukan, negua zen eta ilun zegoen, baina niri gauza horiek gustatzen zitzaizkidan. Ez nuen arriskurik ikusi. Hasi zitzaidan esaten nire gorputza gustuko zuela, desioa sentitzen zuela, izugarri gustatuko litzaiokeela berak ni lurrean biluzik etzatea. Eskua hankan jarri eta laztantzen hasi zitzaidan, eta ezetz esan nion, ez eta ez. Banekien zertan hitz egiten ari zitzaidan, oso esplizitua izan zelako. Inori ez kontatzeko esan zidan".